Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

AHOTSA

 

Hain antzekoa lorearena eta aire korrontearena

latsarena, itzal iragankorrena

gau sonatu hartan gauerdian antzemandako irriarena

hain antzekoa, zinez, zoriontasunarena eta tristeziarena

hain antzekoa da talaien eta makalen gainean bere soin biluzia goraka igarotako gauerdia

nigana deitzen ditut zelaietan galdutakoak, gorpu zaharrak, haritz gazte ebakiak, lur gainean usteldutako oihal piltzarrak, etxalde inguruan lehortutako arropak

nigana deitzen ditut tornadoak eta urakanak, ekaitzak, tifoiak, zikloiak, itsasikarak, lurrikarak

nigana deitzen ditut sumendietako kea, eta zigarroena, luxuzko puruen ke-biribilak

nigana deitzen ditut maiteminak eta maiteminduak

nigana deitzen ditut biziak eta hildakoak

nigana deitzen ditut ehorzleak, hiltzaileak,

nigana deitzen ditut borreroak, pilotuak, harginak eta arkitektoak

eta hiltzaileak

haragia deitzen dut

maite dudana deitzen dut

maite dudana

maite dudana

gauerdi garailea satinezko bere hegalak zabalik ene ohean pausatzen da

talaiak eta makalak makurtzen dira ene nahien aitzinean

batzuek behea jotzen dute, besteak zerraldo erori

zelaietan galdutakoak berriz ere elkartzen dira ni aurkitzean

gorpu zaharrak berpizten dira ene ahotsa entzutean

ebakitako haritz gazteak berdeak estaltzen ditu

lurrean eta lur gainean usteldutako oihal piltzarrek klaska egiten dute ene ahotsa entzutean matxinadaren zutoihala bailiran

etxaldearen inguruetan lehortutako arropak maite ez ditudan emakume zoragarriak janzten ditu, nigana etorri, ene ahotsari men egin eta maite nauten emakumeak

tornadoak biraka dabiltza ene ahoan

urakanek, ahal dela, gorritzen dituzte ene ezpainak

ekaitzek orro egiten dute ene oinetan

tifoiek, ahal dela, arrotzen didate ilea

jasotzen ditut zikloien eldarniozko musuak

itsasikarak ene oinetara datoz hiltzera

lurrikarek ez naute inarrosten, baina dena leherrarazten dute ene agindu batez

sumendietako keak janzten nau bere lurrinekin

eta zigarroenak lurrindu

eta kearen biribilek koroatzen naute

maitasunak eta luzaro amestutako maitasuna nigan babesten dira

maiteminduak adi dagozkio ene ahotsari

biziek eta hildakoek men egiten didate eta agurtzen naute

lehenek hotz, bigarrenek atsegin

ehorzleek doi-doi zulatutako hilobiak abandonatzen dituzte

eta adierazten dute nik bakarrik agintzen ahal dizkiedala beren lan gautarrak

hiltzaileek agur egiten didate

borreroek heltzen diote iraultzari

ene ahotsari, ene izenari hel egiten diete

pilotuek ene begiak dituzte gidari

harginek bertigoa sumatzen dute niri entzutean

arkitektoak basamortura abiatzen dira

hiltzaileek bedeinkatzen naute

haragia taupaka ari da deitzen diodanean

maite dudanak ez dit entzuten

maite dudanak ez nau ulertzen

maite dudanak ez dit erantzuten

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026