Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

EZ, MAITASUNA EZ DA HIL

 

Ez, maitasuna ez da hil bihotz honetan, begi hauetan, hasitako bere hiletak aldarrikatzen zituen aho honetan.

Adi egon, nahikoa daukat pintoreskoaz, koloreez eta xarmaz.

Maitasuna maitatzen dut, haren samurra, haren krudela.

Ene maitasunak izen bakarra dauka, forma bakarra.

Dena igarotzen da. Ahoak itsasten zaizkio aho honi.

Ene maitasunak izen bakarra dauka, forma bakarra.

Eta inoiz ere hartaz oroitzen bazara, o zu ene maitasunaren izena eta forma,

inoiz ere itsasoan Amerika eta Europa artean,

azken eguzki-printzak olatuen azal izurtuaren gainean dirdaitzen duen orduan, edo bestela gau ekaiztsu batean, basoan, zuhaitz baten pean

edo auto azkar batean, udaberriko goiz batean, Malesherbes bulebarrean

Egun euritsu batean,

egunsentian, oheratu baino lehen,

Esan ezazu, agintzen diot zure mamu familiarrari, ni izan nintzela gehiago maitatu nuen bakarra eta domaiaz zuk ez zenuela hura ezagutu.

Esan ezazu ez direla gauzak etsipenez oroitu behar:

Ronsardek nik baino lehen eta Baudelairek kantatu dute atsoen eta maitasunik puruena mespretxatu zuten hildakoen auhena.

Zu, hilda zaudela, ederra izanen zara eta oraindik gutiziagarri.

Ni, honezkero, hilda egonen naiz, guztiz itxita zure gorputz eternalean, biziaren eta eternitatearen mirari betierekoen artean betiko bizi den zure irudi harrigarrian,

baina bizirik banago,

nigan biziko dira zure ahotsa eta haren doinua, zure begirada eta haren izpiak, zure usaina eta zure biloena eta bestelako gauza aunitz,

Nigan, ez Ronsard ez Baudelaire naizen honengan

Nigan, Robert Desnos naizen honengan, zeina zu ezagutu eta maitatzeagatik haiek bezainbestekoa bainaiz.

Ni, Robert Desnos naizena zu maitatzeko

eta ez duena nahi bestelako osperik lotu ene memorian lur zitalaren gainean.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026