Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026

 

 

ANDRE MISTERIOTSUARI

 

Hainbeste amestu dinat hirekin, errealitatea ere galtzen baita.

Izanen al da oraindik astia hire gorputz bizia atzemateko,

eta aho horretan pot egiteko

maite dudan ahotsaren sorburuan?

Hainbeste amestu dinat hirekin, non ene besoak, hire itzala estutzean

ene bularrean gurutzatzera ohituta,

ez diren, ausaz, hire gorputzaren ingurura egokituko.

Eta duela egun, duela urte franko

liluratu eta gobernatzen nauen irudi errealaren aitzinean,

itzal bilakatuko ninduken, ezbairik gabe,

O sentimenduzko balantzak.

Hainbeste amestu dinat hirekin, ez baitut jada, ezbairik gabe, esnatzeko astirik.

Zutik egiten dinat lo, gorputza agerian, bizitzaren eta maitasunaren irudien aitzinean, hi izaki axola zaidan bakarra,

ahalko niken gutxiago ukitu hire bekokia, hire ezpainak

lehenbiziko ezpainak eta lehenbiziko bekoki hura baino.

Hainbeste amestu dinat hirekin, hainbeste ibili, solastu, hire mamuarekin oheratu,

eta, haatik, ez baitut besterik mamuen artean mamua izatea baizik,

ehun aldiz itzalago izatea hire bizitzaren eguzki-esferan barna pozarren paseatzen eta paseatuko den itzala baino.

 

 

Antologia
Robert Desnos

euskaratzailea: Patxi de Vicente Arbeloa
armiarma.eus, 2026