![]()
|
Antologia
GERRARI GORROTO ZION BIHOTZA
Hona gerrari gorroto zion bihotza, borroka eta batailaren xerka! Bihotz hura, itsasaldien, urtaroen, eguneko eta gaueko orduen erritmora baino taupaka ari ez zena, puztu egin da gesal eta gorrotoz kiskalitako odola zainetara igorriz. Eta halako zarata darama garunetara ezen belarriak txistuka ari baitira, eta ez da posible zarata hori ez barreiatzea hirian eta landazabalean barna, kanpai hotsa nola, deika matxinada eta borrokarako. Entzun ezazue, aditzen dut oihartzunak bueltan ekarria. Baina ez, beste bihotzen azantza da, beste milioika bihotzena, nirea bezala Frantzia osoan taupaka. Eginkizun bera xede ari dira bihotz horiek guztiak, haien hotsa itsasoarena da labarren kontra ari denean eta odol horrek guztiak agindu bera igortzen die milioika garuni: Matxinatu Hitlerren kontra, akabatu haren jarraitzaileak! Alabaina, bihotz hark gorroto zion gerrari eta urtaroen erritmora zebilen taupaka, baina, hitz bakar bat, Askatasuna, nahikoa izan da iraganeko erneguak berpizteko eta milioika frantses prestatzen ari dira gerizpean egunsenti hurbilak ezarriko dien zereginari heltzeko. Gerrari gorroto zioten bihotz horiek askatasunaren alde ari baitziren taupaka urtaroen eta itsasaldien erritmo berean, egunez eta gauez.
Antologia |