|
Uraren bezpera SUAN, ERTZ ZORROZTUAN BEGIRA zazu biluztasuna nola hazten den. Errez litzaiguke pausatzea orain sutan edo isiltasunaren ertz zorroztuan haizerik balego: nor gogoratzen da ordea pozaren usain zuriaz? Antzematen dut euriaren ibilera mantsoan maitasunaren gorputza: zauritua dator: nola lo egin bere eskuetan? Nola uxa heriotza: oroimenaren barrunbetako pizti amets-ibiltari hori? Aleka aleka harrapatzen ahal duzu gaua: zoritua da: ahora eramaten ahal duzu hitzen apar nagia. Eta uretarantz hazi. Uraren bezpera |