Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XIX

Neskatila beltzaran eta bizkorra, fruituak egiten dituen eguzkiak,
galsoroak mamitu, itsas-belarrak bihurritu egiten dituen berberak,
egin zuen zure gorputza alaia, zure begi argiaren parekoak
eta uraren irrifarra duen zure ahoa.

Eguzki beltz eta antsiati bat ari zaizu ile-adats iluneko
korapiloetan lo-bila, zure beso biak gora egonak.
Eguzkiarekin jolasten zara zingira batekin halaberean
eta hark begietan uzten dizkizu bi urmael ilun.

Neskatila beltzaran eta bizkorra, ezerk ez nau zuganatzen.
Orok jartzen nau zugandik urrun, eguardiarengandik bezain.
Erlearen gaztetasun liluragarria zara,
olatuaren mozkorraldia, galburuaren indarra.

Nire bihotz argi gabea bila dabilkizu, ordea,
eta zure gorputz alaia maite dut, zure ahots aske eta mehea.
Tximeleta beltzaran leuna eta behin-betikoa,
gari saila bezala eta eguzkia, mitxoleta eta ura.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004