Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XIII

Ibili naiz ibili suzko gurutzeak jarriz
zure gorputzeko atlas zurian.
Nire ahoa armiarma bat zen pasaeran ezkuta nahirik.
Zure barne-baitan, zure bizkar aldean, beldurti, egarritsu.

Ilunabarraren hondarrean zuri esateko istorioak,
panpina triste eta leuna, zuri poz emateagatik.
Zisne bat, zuhaitz bat, urruna eta alaia den zerbait.
Mahats-denbora, fruitu eta ordu-oneko sasoia.

Maite zintudaneko itsas portu batean bizitakoa naizena ni.
Bakardadea ametsaz ezik isiltasunaz ere osoa.
Itsasoaren eta tristeziaren artean hesiturik.
Isilik, sukar-ametsari emana, bi gondolari geldi-geldien artean.

Ezpainen eta ahotsaren artean, zerbait da hilzoriko.
Txori hegalak omen dituen zerbait, arnas-minetik duena eta ahazturatik.
Sareak urari bertan eusteko gauza ez diren halaberean.
Panpina nirea, apenas dago ur tanta dardartirik.
Hala ere, zerbait da kanta-kantari hitz galkor hauetan barrena.
Zerbait da kanta-kantari, zerbait da nire aho ase-ezinaraino gora.
Oi zure dana ospatu ahal pozezko hitz denekin.
Kantatu, su-garretan erre, ihes egin, kanpaidegi bat bezala ero baten eskuetan.
Samurtasun triste nirea, zertan zara zure baitari bat-batean?
Ertzetan ausart eta hotzenera iritsia naizenean
isten da nire bihotza gau-lore baten oso antzean.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004