Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

V

Nire mintzoarekin elkar zaitezen
hitz tankera galtzen dute batzuetan
ene hitzek,
kaioen aztarnak hondartzetan bezala.

Lepoko, joare itsua
mahatsak bezain zure esku leunentzat.

Eta gertu ezinda dakuskit ene hitzak.
Nireak bainoago dira zureak.
Antzinako nire saminean gora doaz huntz antzean.

Era horretan egiten dute horma bustietan gora.
Errudun zara odolari jarritako jolas horrena.

Ihes dabiltza nire gordeleku ilunaren.
Zuk betetzen duzu oro, oro zuk betetzen.

Zuk baino lehen hartu zuten bete duzun bakardadea,
eta zu baino ohituago daude ene tristeziaz.

Orain nahi dut haiek zuri esatea esan nahi dizudana
entzun ditzazun nik entzutea nahi dudan bezala.

Oinazearen haizeak baditu zitalki eramaten.
Haize amets-aldi zitalak ondoratzen oraindik.
Besterenak dabilkit ahots minduan ahotsak.
Antigoaleko ahoen negarra, eskaera zaharren odola.
Maite nazazu, arreba. Ez ni utzi. Lagun iezadazu bidean.
Lagun iezadazu, arreba, samin ondorainoko olatu horretan.

Baina, hala ere, gaixo-eginak zu maitatuz ene hitzak.
Zuk betetzen duzu oro, oro zuk betetzen.

Haiekin guziekin lepoko infinitu bat erabat egiten ari naiz
zure esku zurientzat, leunak mahatsak bezain.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004