Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XVIII

Hemen maite zaitut.
Itzal ilunpeko pinuetan haizea dabil nondik nola askatuko.
Kolore-edertzen ilargia ur ibiltarien gain.
Berdinak eta igoalak diren egunak dabiltza elkar-segika.

Gorputz dantzariz jantzia gizentzen da behe-lainoa.
Zilarrezko kaio bat dator lotua ilunabarretik behera.
Besteetan argizari bat. Zeruruntz bezain, zeruruntz bezain jasoak goi-izarrak.

Edo itsasuntzi bateko gurutze beltza.
Bakardadean.
Batzuetan jaioa naiz egunsenti, eta arima ere dut hezea.
Musika joaz, musika joaz ari da urrutiko itsasoa.
Hau portu bat da.
Hemen maite zaitut.

Hemen maite zaitut eta alferrik dabil hodeiertza zu ezkuta-nahirik.
Gauza hotz guzti hauen artean ere gai naiz zu maitatzeko.
Batzuetan nire musuak ontzi nahigabetu horietan doaz,
iritsi nahian korrika doazela iritsi ezinda.

Deritzot ahaztuko nautela aingura zahar horien antzera.
Tristeagoak dira kaiak arratsak portu-lokarriak hartzen dituenean.
Nekeak hartuta balitz-edo ene bizitza alferrik jakin-zalea.
Maite dut ez dudana. Hain zaitut zu urrutiko.

Ene desgogoa ilunabar motelekin ari da borrokan.
Baina etorri da gaua eta hasten zait kantuan.
Ilargiak bere amets gurpilari eragiten dio jira-biraka.

Begira ditut izar handienak zure begiekin.
Eta maite zaitudanez, pinuek haizean,
beren alanbre-arizko hostoekin kantatu nahi dute zure izena.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004