Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XIV

Unibertsoko argiarekin egunero jolasten zara.
Ia ezin antzeman daiteke zure bertaratzea, etorri ere lorearekin eta urarekin etortzen zara.
Izan sorta bat bezala nire esku artean egunero
estutzen dudan ale zuri hau baino gehiago zara.

Inoren antzik ez duzu nik maite zaitudanetik.
Utzi niri girlanda horien artean zu etzaten.
Nor ari ke antzeko letrez hegoaldeko izar artean zure izena idazten?
Ai utz nazazu oraindik ez zineneko lehen zinen bezala zu oroitzen.

Bat-batean da haizea uluka eta kolpeka nire leiho itxiaren kontra.
Zerua arrain ilunez gainezka dagoen sarea da.
Hemen biltzen dira haize guztiak, guzti-guztiak.
Euria da biluzten.

Ihes igarotzen dira txoriak.
Haizea. Haizea.
Gizakien indarraren kontra baino ez nire barne guda-borroka.
Ekaitzak hosto ilunak zirimolan biltzen ditu
eta askatzen zerutik gauez lotu zituzten ontzi denak.

Zu hemen zaude. Ai zuk ez duzu ihes egiten.
Azken oihuari ere emango diozu zuk erantzuna.
Nire aldamenean uzkur zaitez beldur bazina bezala.
Hala ere, noiz edo noiz ibili zen itzal ilunen bat zure begietan.

Orain, orain ere bai, ttiki, sasiamak dakarzkidazu,
eta bularrak ere dituzu lurrunduak.
Haize tristeak zaldi-ibilian tximeletak hiltzen dituen bitartean
nik maite zaitut, eta nire pozak zure aran-ahoa jaten du.

Zenbaterainoko mina ekarriko zizun nirekin ohitzeak,
nire arima bakarti eta basatiarekin, denon uxagarri den nire izenarekin.
Hainbatetan ikusi ahal izan dugu eguzki-izarra sutan gure begiak elkar-musukatzean
eta gure buruen gain gora-nahian ilunabarrak haizemaile jira-birakarietan.
Ene hitzak euria ziren zure gain laztanean.
Maite nuen aspaldi eguzkiak jotako zure gorputz nakar-itxurako.
Unibertsoaren jabea ere ote zaren nago.
Mendietatik jaitsiko dizkizut lore alegerak, copihueak,
hur ilunak, eta otarre basatiak musuz bete-beteak.

Zurekin egin nahi dut
udaberriak gereziekin egiten duen berbera.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004