Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

KANTA BAKAR-MINDUA

Ni nagoen gautik-goiti da zure oroitzapena nigana igo.
Ibaiak itsasoari lotzen dio korapiloan bere zigor-kezka erasokorra.

Goiz ordutan kaiak bezain inor gabetua.
Abiatzeko ordua da, oi zoritxarreko bakardadea!

Korola hotzezko euria ari du nire bihotz gainera.
Oi obra-hondakinezko simaurtegi, naufragoen kobazulo basatia!

Zugan bildu neurri gabe bildu ziren gudak eta hegaldiak.
Zugandik-goiti zituzten igo kantuaren txoriek beren hegalak.

Guzi-guzia egin zenuen irentsi, urruntasuna bezala.
Itsasoa bezala, denbora bezala. Oro izan zen zugan naufragio!

Alaia zen ordua gudaldizkoak eta musuzkoak eginik.
Txundiduraren ordua itsas argia bezain sutean zegoena.

Piloto larritasuna, buzo itsuaren sumindura,
amodiozko ero-min barne-iluna, oro izan zen zugan naufragio!

Lainozko haurtzaroan hegodun eta zauri-mindua ene arima.
Galdutako aurkitzailea, oro izan zen zugan naufragio!

Minaren minari heldu zenion estu, heldu zenion grinaren grinari.
Tristeziak jauzi zizun, oro izan zen zugan naufragio!

Atzera pausoa behartu nion itzalezko harresiari,
ibili nintzen ibili grinatik eta ekinalditik oraindik areago.

Oi haragi, oi haragi nirea, emea maitatu nuena eta galdu,
zugana nator ordu honetan, oroi eta kantu sortzen.

Edontzia legez jaso zenuen samurtasun muga gabea,
eta muga gabeko ahazturak pitzatu zintuen edontzi baten antzera.

Beltz nintzen, uharteen bakardade beltza,
eta han, maitasun-emea, zure besoek hartu ninduten.

Egarria nintzen eta gosea, eta zu fruitua.
Dolua nintzen eta hondamena, eta zu miraria.

Oi emakume, ezin uler dezaket nola eutsi zenidan
zure arimaren baitako lurraldean, zure besoen gurutzean!

Zuganako nire gura mingarriena eta laburrena izan zen,
nahasiena eta itsuena, nirekoiena eta oro zaleena.

Musuen hilerri, bada oraindik zure hilobietan surik,
sutan diraute oraindik mahats-sortek txorien mokokan.

Oi aho hozkatua, oi gorpu-atal musukatuak,
oi hortz gosetiak, oi gorputz korapilatuak.

Oi korapiloko eta zorigaiztoko gareneko
itxaropen eta ahalegin arteko lotura eroa.

Eta samurtasuna, ura eta irina bezain arina.
Eta ezpainetatik irtete-aldera dagoen hitza.

Hura izan zen nire patua eta harekin bidaitu zen nire gogoa,
eta harengan erori ere nire gogo-nahia, oro izan zen zugan naufragio!

Oi obra-hondakinezko simaurtegi, oro zen zugan erorialdi,
min guztietatik hartu zenuen, olatu guztietan ito ere.

Ahalegin guztietan balantzaka ere gauza izan zinen piztu eta kantatzeko
marinel bat bezala zutik itsasuntziko brankan.

Kantuetan loratzeko gauza izan zinen oraindik, ur-korronteetan aurrera egiteko gauza oraindik.
Oi obra-hondakinezko simaurtegi, putzu zabal eta negargarri.

Buzo itsu zurbila, zorritxarreko habailari,
aurkitzaile galdua, oro izan zen zugan naufragio!

Abiatzeko ordua da, gauak ordutegi orori lotzen dion
ordu latz eta hotza.

Itsasoaren gerriko zaratatsuak kostaldea estutzen du.
Jaioak dira izar hotzak, joan hasiak txori beltzak.

Goiz ordutan kaiak bezain inor gabetua.
Itzal dardaratia baino ez nire esku artean lehertzen.

Ai orotatik areago oraindik. Ai orotatik areago oraindik.

Abiatzeko ordua da. Oi zoritxarreko bakardadea!

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004