Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XVI

                                     R. Tagoreri parafrasia

Nire zeruan ilunabarrean bezalako hodei bat zaitut
eta nire gogo-nahiak nahi duen eran, zure kolorea eta forma.
Nirea zara, nirea zara, ezpain leun-leuneko emea,
eta zure bizitzaren baitan da bizi nire amaigabeko amets-gogoa.

Nire arimako argi-lanparak oinak gorritzen dizkizu,
gozoagoa da zure ezpainetan nire ardo mikatza:
oi ilunabarreko ene kantaren segalari,
zenbateraino zaituzte nirean ene amets bakartiek!

Nirea zara, nirea zara, honela ibili nabil oihuka
arrats aire-arinean, eta haizeak darama ene ahots alarguna.
Nire begi behe-barneko ehiztari, zure lapurretak
uzten du ura balitz bezala geldi-geldia zure begirada gau-iluna.

Nire musikaren sarean zara kartzelako, ene maitea,
eta musikazko nire sareak ortzea bezain zabalak dira.
Nire arima zure lutozko begien ertzean jaiotzen da.
Zure lutozko begietan da ametsen lur jaio eta hazia.

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004