Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013

 

Penizilinaren aitatxo eta amatxo

 

      Bere ospeari trufa egiten zion berak. Alexander Flemingek zioen, mikrobio batek zuela penizilina asmatu, besteren hazte-gune batean sartu zenean laborategian zegoen nahas-mahasaz profitaturik. Eta bazioen antibiotikoen meritua ez zegokiola berari, bitxikeria zientifiko hori droga erabilgarri bihurtu zuten ikerlariei baizik.

      Mikrobio sudurluzearen laguntzarekin, Fleming izan zen 1928an penizilina aurkitu zuena. Inork ez zion jaramonik egin. Urteak gerora garatuko zen penizilina. Bigarren Mundu Gerraren alaba izan zen. Bonbek baino gehiago hiltzen zuten zornatzeek, eta alemanek alde ederrik zeramaten beren alde Gerhard Domagk sulfamidak sortzera iritsi zenez geroztik. Aliatuentzat, premia larriko kontua izatera igaro zen penizilinaren ekoizpena. Industria kimikoa, industria militar bihurtuta, akabatzeaz gain biziak salbatzera behartu zuten-eta.

 

Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013