Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013

 

War street

 

      Hogeigarren mendeko hasieratik, ezkila mekanikoek agurtzen dituzte New Yorkeko Burtsan lan eguneko hasiera eta amaiera. Pairamen handiko lanean ari diren espekulatzaileei omen egitera datoz dilin-dalan soinuok, hain zuzen haiei, planeta bera trabes jokatu, gauzen eta nazioen balioa erabaki, milioidunak eta eskaleak ekoiztu, eta ezein gudak, izurritek edo lehortek baino jende gehiago hiltzeko gai direnen horiexen lanari, hain zuzen.

      1929ko urriaren 24an, pozarren aritu ziren ezkilak dilindan beti bezala, baina hura inoizko egunik txarrena izan zen finantza katedralean. Bera eraitsi banketxeak eta lantegiak zituen hertsi, langabezia zeru goietara jaurti eta lansariak sotora amildu, eta mundu osoak ordaindu zuen kontua.

      Andrew Mellon Estatu Batuetako Altxor Idazkariak aringarria ere eskaini zien kaltetuei. Krisiak bere alde ona ere bazuela zioen berak, zeren eta horrela jendeak gogorrago egingo baitu lan eta bizimodu artezagoa bizi izango.

 

Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013