|
Ispiluak
Espartako
Artzain izan zen Trazian, soldadu Erroman, gladiadore Kapuan. Esklabo ihes egina ere izana. Sukalde aizto batez armaturik egin zuen hanka, eta Vesubio sumendiko magalean sortu jende askearen gudarostea, ibiliaren ibiliaz hazi eta armada izan zena. Kristo aurretiko hirurogeita hamabigarren urtean, Erroma dardaran izan zen goiz batean. Espartakoren gizonek ikusten zituztela ikusi baitzuten erromatarrek. Mendi muinetako lerroak lantzez lazturik, triku argitu zuen. Handik goialdetik, erreginarik erregineneko jauretxeak eta jauregiak zituzten begiradapean esklaboek, mundu osoa bere menpean zuena euren eskuragarri, euren begiek jota, izenak eta oroimenak erauzi zizkien hiria bera, zigortu, jipoitu, oparitu edo saldu zitezkeen gauzak bihurtu zituena, hortxe. Erasoa ez zen burutu. Ez zen egundo argitu Espartako eta bere aldekoak haraino heldu ote ziren, bertan-bertaraino, ala horiek izuaren irudikeria hutsak izan ote ziren. Zeren eta egun haietan, egundoko jipoi umiliagarriak ari zitzaizkien banatzen esklabo saldoak legioei. Bi urtez luzatu zen gerrilla guda hori, inperioa beldurrak airean eduki zuena. Azkenik, inguratu eta hesi zituzten matxinoak, Lukaniako mendietan, eta bertan sarraskitu Julio Zesar izeneko militar gazteak Erroman bildu izaniko soldaduek. Bere burua garaitua ikusirik, Espartakok bere zaldiaren buru gainean etzan zuen burua, bekokia gudu guztietako lagunaren bekokiari atxikiz, eta aizto luzea sastatu zion sakon, eta bihotza erdiratu. Kapuatik Erromaraino, Appia bide osoan barna, gurutze berriak altxatu zituzten arotzek.
Ispiluak |