|
Ispiluak
Stalin
Georgia, bere jaioterriko mintzairaz ikasi zuen idazten, baina abadeek errusiera mintzarazi zioten apaiztegian. Hainbat urte gerora, Moskun, engoitik nabari zuen Kaukaso hegoko bere doinua. Errusiarrik errusiarrena izatea deliberatu zuen orduan. Korsikarra izaki, ez zen bada Napoleon frantsesik frantsesena izana? Eta Errusiako Kattalin erregina, alemana izanik, ez ala errusiarrik errusiarrena izana? Iosif Dzhugashvili georgiarrak izen errusiarra hautatu zuen. Stalin hautatu ere, altzairu esan nahi duena. Eta altzairuzkoa behar altzairuzko gizonaren premua: Yakov, Stalinen semea, haurtzarotik sutan gori eta izotzean lei tinkotua, ingudean mailuka moldekatua. Ez zen modurik egon. Amaren antzekoa zen-eta. Eta hemeretzi urte zituela, Yakovek ez zuen nahi izan, ezin izan zuen, gehiago. Katuari zion sakatu. Bala tiroak ez zuen hil. Ospitalean zen esnatu. Ohe bazterrean, zera iradoki aitatxok: —Horixe ere ez dakik egiten.
Ispiluak |