|
Ispiluak
Izurriteak
Erdi Aroko lan banaketan, apaizek otoitz, zaldunek hil eta nekazariek beste guztiei jaten eman behar. Gosete latzetan, galdutako uztak eta ereintza ezinezkoak zein uholdeak nahiz lehorteak atzean uztearen ihesi joaten ziren nekazariak, eta bidera ateratzen, sustraiak eta haratustelak borrokagai; eta larrua horixka eta ero-begiak zituztela, gazteluei edo komentuei jo ohi zieten eraso. Bolada arruntetan, berriz, laborean aritzen ziren nekazariak, eta bekatuan ihardun gainera. Izurriterik gertatzekotan, beraiena izan ohi zen errua. Zorigaitzek ez baitzuten jotzen apaizek otoitzean, fededunak fedebakoak zirelako baizik. Pulpituetatik, madarikazioka jarduten zuten Jainkoaren funtzionarioek: —Haragikeriaren morroiak! Jainkoaren zigorra duzue merezi! 1348 eta 1351 bitartean, lau europarretik bat zehatu zuen jainko zigorrak. Soroak eta hiriak sarraskitu zituen izurriak, uzkaili bekatariak baita bertutetsuak ere. Bocaccioren arabera, ahaideekin gosaldu eta arbasoekin afaldu ohi zuten Florentziakoek.
Ispiluak |