|
Ispiluak
Gurutzadak
Mende eta erdian barrena, zortzi Gurutzada jaurti zuen Europak Ekialdeko lur fedegabeetarantz. Jesusen hilobi santua usurpaturik omen zuena, Islama zen etsai urruna. Bide batez, baina, bidean zitzaienez, fede gerlari haiek beste mapak ere garbitzeko profitatu ohi zuten bidaia. Guda santua etxean bertan hasi ohi zen. Lehenengo gurutzadak sinagogei eman zien su, eta judu bakar bat bera ere ez zuen bizirik utzi Mainz eta Alemaniako hainbat hiritan. Laugarren Gurutzada Jerusalemerantz zen abiatu, heldu egundo ere ez, ordea. Konstantinopla giristinoan gelditu ziren gudari kristauak, hiri oparoa hura, eta hiru egunez eta hiru gauez goitik behera arpilatu zuten, ez eliza ez santutegi bakar bat bera ere barkatzeke, eta bortxatzeko emakumerik edo husteko jauregirik engoitik geratzen ez zelarik, gudu-sariaz bapo gozatzen geratu ziren berton eta beren zeregin sakratuaz ahantzi nonbait. Handik urte gutxitara, 1209an, giristinoak Frantziako lurraldetan sarraskituz abiatu zen beste Gurutzada bat. Giristino puritanoak izaki, kataroek uko egin zioten erregearen eta Aita santuaren botereari men egiteari eta guda orok Jainkoa samintzen zuela sinesten zuten, Gurutzadak bezalaxe Jainkoaren izenean eginiko gudak ere barne. Heresia hau, oso herrikoia zena, erro-errotik erauzi zuten. Hiriz hiri, gazteluz gaztelu, herrixkaz herrixka. Beziers aldean izan zen sarraskirik zitalena. Guzti-guztiak ganibetaz hil zituzten bertan. Den-denak: kataroak eta katolikoak ere bai. Alferrik saiatu ziren batzuk katedralean babes eske. Inortxo ere ez zen gillotinatze orokorretik jaregin. Denborak ez zuen astirik ematen nor zen nor argitzen ibiltzeko. Kontaera batzuen arabera, kontua guztiz argi zuela garden oso aritu zen Arnaud-Amary artzapezpikua, Narbonako dukea, Aita santuaren ordezkaria. Zera zuen agindu: —Akabaitzazue guzti-guztiak. Jainkoak jakingo baitu bereak bereizten.
Ispiluak |