Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013

 

Kontzentrazio esparruak sortu

 

      Namibiak independentzia eskuratu zuenean, 1990ean, Goring izena jarraitu zuen izaten hiriburuko etorbide nagusiak. Eta ez Hermann buruzagi nazi ospetsuarengatik, honen aitatxoren omenez baizik, Heinrich Goring zenari, hogeigarren mendeko genozidio lehenaren egileetariko bat.

      Afrikako herrialde horretan inperio alemanaren ordezkaria zela, Goring harek onberatasun betez berretsi zuen, 1904an, Lothar von Trotta jeneralak emaniko sarraskitze agindua.

      Matxinatuak ziren hereroak, artzain beltz. Botere kolonialak den-denak kanporatu zituen, eta ohartarazi Namibian aurki zezakeen herero oro akabatuko zuela, gizon, emakume edo haur, berdin armaturik zein armagabe.

      Lau hererotik, hiru ziren hil. Kanoiek edo egotziak izan ziren basamortuko eguzki galdek eraitsi.

      Harakintzari hartatik bizirik iraunikoek kontzentrazio esparruetan amaitu zuten, Goring zelarik haien antolatzaile. Konzentrationslager hitza lehen aldiz ahoskatzeko ohorea izan zuen orduan Von Bulow kantzilerrak.

      Hego Afrikako aurrekari britainiarrean jatorria aurkiturik, esparruok morroilopea, lan derrigortua eta zientzia esperimentazioa bateratzen zituzten. Urre eta diamante meategietan azken hatseraino bizia husteaz gain, gatibuak jende akuriak ere baziren arraza menpekoei buruzko ikerkuntzan. Laborategi haietan aritu ziren Theodor Mollison eta Eugen Fischer, Joseph Mengeleren maisu izango zirenak.

      1933az geroztik garatu ahal izan zituen Mengelek haien irakaspenak. Urte horretan, Goring semeak Alemaniako lehen kontzentrazio esparruak sortu zituen, aitatxok Afrikan entseaturiko ereduari jarraiki.

 

Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013