|
Ispiluak
Jazza sortu
1906. urtea aurrera zihoan. Jendea joan-etorrian, edozein egunetan bezala, Perdido izeneko kalean barrena, New Orleansko auzo txiro batean. Bost urteko haurra, leihora jalkita, asperkeria horri begira zegoen, begiak eta belarriak zabal-zabal, gertatzear litekeenaren zain-edo. Eta gertatu zen. Kale kantoitik lehertu zen musika eta kaleaz osoki jabetu. Bere tronpetari puzka ari zen gizona, zerurantz jasota, eta haren inguruan jendetza txaloka, kantuka, dantzan. Eta Louis Amstrong, leihoko haurra, hain zen sutsu dantzan ezen oso gutxigatik ez baitzen handik goitik erori. Zenbait egun geroago, eroetxean bukatu zuen gizon tronpetajoleak. Beltzentzat gorderiko eremuan giltzaperatuta. Haren izena, Buddy Bolden, egunkarietan azaldutako aldi bakarra izan zen hura. Mende laurden geroago hil zen, eroetxe hartan bertan, eta egunkariak ohartu ere ez ziren egin. Baina haren musikak, inoiz idatzi edo grabatu ez zen arren, doinu zirauen jaietan edo hiletetan gozatu izan zutenengan. Dakitenek diotenez, mamu horixe izan zen jazza sortu zuena.
Ispiluak |