Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013

 

Txinako liburua sortu

 

      Lau begiren jabe zen Cang Jie.

      Izarrak irakurtzen eta patuak igartzen ateratzen zuen ogibidea.

      Hitzak marrazten dituzten zeinuak sortu zituen berak, konstelazioen moldeak, mendien lepoak eta hegaztien lumajeak luze aztertu ondoren.

      Libururik zaharrenetarikoan, banbuzko taulatxoz osatuta, Cang Jiek asmaturiko ideogramek erresuma baten historia edesten digute, non gizonak zortzi mende baino luzaroago bizi eta emakumeak, eguzkia elikagai, argi koloreko baitziren.

      Suaren Jaunak, harkaitz jale, errege-botereari oldartu eta jargoirantz jaurti zituen gudarosteak. Eta haren aztikeriek laino trinkoa jausi arazi zuten, jauregiko armada lelo memelo utzita. Soldaduak zabuka ziren itxikerian, itsu, noraezean, eta orduan Emakume Beltzak, hegazti lumez hegalari, goialdeetatik jaitsi, iparrorratza sortu eta oparitu zion errege etsiari.

      Eta garaitua izan zen lainoa, eta etsaia ere bai.

 

Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013