|
Ispiluak
Mapatik ezabatu zuten Bolivia
1867ko gau batean, Mariano Melgarejo Boliviako diktadoreari Cruceiroko Aginte Inperialaren Gurutze Handia ipini zion bularrean Brasilgo enbaxadoreak. Kondekorazio eta zaldien truke herrialdeko pusketak oparitzeko ohitura zeukan Melgarejok. Gau hartan, negar malkoei ezin eutsita, hantxe bertantxe oparitu zizkion enbaxadoreari Boliviako hirurogeita hamabost mila kilometro koadro oihan, kautxutan joria. Doako honetaz, eta guda bidez bereganaturiko beste berrehun mila kilometro koadro gehiagoz, Brasil erabat jabetu zen mundu merkatuarentzako goma negar zegiten zuhaitzez. 1884an, beste gerra bat ere galdu zuen Boliviak, oraingoa Txileren aurka. Ozeano Bareko Guda deitu zioten, Gatzaga Guda izan, ordea. Zuritasun dirdiratsuzko tapiza osaturiko gatzaga zabaletan jaioa, nitroa Europako nekazaritzaren ongarririk preziatuena zen, baita industria militarrarentzako osagai funtsezkoa ere. Peru eta Boliviarena izaniko nitro guzti-guztia irentsi zuen John Thomas North enpresari ingelesak, jaietan Enrike viii.az mozorrotu ohi zenak. Txilek irabazi zuen guda, kobratu hark, ordea. Asko galdu zuen Peruk eta asko galdu ere Boliviak, itsasorako aterik gabe geratu baitzen, laurehun kilometro itsasertz galdurik, lau portu, zazpi senaixka eta nitroz oparoa zen ehun eta hogei mila kilometro koadroko basamortu eremuaz ere gabeturik. Hainbatetan moztutako herri hau, ordea, ez zuten mapatik ofizialki ezabatu harik eta La Paz hirian istilu diplomatikoa gertatu zen arte. Agian bai, agian ez. Hainbatetan zidaten kontatu, eta halaxe dut kontatzen: Melgarejo, diktadore mozkorra, ongi etorria ematen ari zitzaion Ingalaterraren ordezkariari baso bete chicha eskainiz, orduko eta egungo edari nazionala den arto irakina. Beronen dohainak goraipatu eta eskertu zituen diplomatikoak, baina txokolatea nahiago zuela adierazi. Orduan, adeitasun osoz, pertz bete txokolateaz egin zion presidenteak gonbite. Gau osoa bete zuen enbaxadoreak, atxilo, zigor hura azken tantaraino hustera behartuta, eta egunsentiarekin bat astoz atzera begira zangalatrau ibili zuten hirian kalez kale. Buckingham bere jauregian kontuaren berri izatean Viktoria erreginak munduko mapa ekarrarazi zuen. Galdetu zuen non arraio zegoen Bolivia, klarionezko gurutze batez herrialdea ezabatu eta zera ezarri: —Izan ez da Bolivia.
Ispiluak |