|
Ispiluak
Marketing
Hogeiko hamarkadaren amaiera aldean, danbadaka betean zabaldu zuen publizitateak honako berrikuntza ederra: Hegan egin dezakezu! Berunez lagunduta gasolina azkarragoa zen, eta azkarrena zen bizitza honetan garaile. Haur lotsatua aurkezten zuten iragarkiek, dortoka urratsez zebilen kotxean zela: Kontxo, aitatxo! Denek aurreratzen zaituzte! Estatu Batuetan sortu zuten gasolina berun erantsiduna eta Estatu Batuetatik bideraturiko publizitate bonbardaketak mundu osoan ezarri. 1986an, herrialde horretako gobernuak behin debekatu zuela, zenbatezinak ziren munduan pozoitze erraldoiaren biktimak. Jakina zen, hori bai, gasolina berunduna bost mila heldu estatubatuar akabatzen aritua zena urtero, eta hirurogei urtez milioika haurren nerbio sistemari eta adimen mailari kalte larriak eragiten. Krimenaren egilerik garrantzitsuenak General Motorseko bi exekutibo izan ziren, Charles Kettering eta Alfred Sloan. Jendearen aldeko ongile gisa iragan dira historiara, ospitale handi bat sortu zuten-eta.
Ispiluak |