Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013

 

Aixa

 

      Sei mende Jesusen heriotzaren ondoren, hil zen Mahoma.

      Alaren baimenaz hamabi emazte izanik, ia guztiak aldi berean, Islamaren sortzaileak bederatzi alargun utzi zituen. Alaren debekuz, bat bera ere ez zen berriro ezkondu.

      Aixa, gazteena, kutunena zen izana.

      Gerora, bera izan zen Ali kalifaren gobernuaren aurkako matxinadaren buru.

      Gure garaiotan, meskita askok galarazia die sartzea emakumeei, baina garai haietan meskitak izan ziren, hain zuzen ere, herri hira piztu zuten Aixaren aldarri eta hitzaldien gune. Gero, bere gameluaren bizkarrean, Basora hiriari egin zion eraso. Hamabost mila hildako iraun zuen gudu luzeak.

      Odolustutze honek hasiera eman zion sunita eta xiiten arteko gorrotoari, egun ere biktima ugariren iturburu. Eta zenbait teologok horixe jo zuten froga eztabaidaezintzat, emakumeek sukaldetik alde eginda deskalabruak burutu ohi dituztela.

 

Ispiluak
Eduardo Galeano

euskaratzailea: Xabier Alegria
Txalaparta, 2013