|
Ispiluak
Marti
Habanako kale loretsuetan barrena zebiltzan aita-semea eta orduan gizontxo mehe bat aurretik zetorren, burusoila berantespenezko ibileran oinez. Ohartarazi zion aitak semeari: —Erne horrekin. Kanpotik zuria da, barrutik beltz-beltza, baina. Fernando Ortiz, semea, hamalau urteko mutila. Handik denboragarrenera, Fernando bera izango zen kubatartasunaren ezkutuko sustrai beltzak agerian eta salbu ipintzen jakin zuen gizona, mendetako arrazakeriazko ukazioaren aurka. Eta gizon arriskutsu hura, argaltxoa, burusoila, berantespenezko ibileran oinez zebilena, Jose Marti zen izenez. Espainiarren seme zen kubatarrik kubatarrena, honakoa salatu zuena bera: —Mozorro hutsa ginen, galtzak Ingalaterrako, txalekoa paristar, txamarra Ipar Amerikako eta montera espainiar. Eta Zibilizazioa deituriko sasi-jakintza ezeztatu zuen, eta zera exijitu: —Aski togez eta txarratelez, eta honakoa egiaztatu: —Munduko loria oso-osorik hartzen du arto aleak bere baitan. Habanako enkontru hartatik ez luzarora, mendira jo zuen Martik. Eta Kubaren alde borrokan ziharduen, bala espainiar batek, gudualdi betean, zalditik irauli zuela.
Ispiluak |