|
Ispiluak
Lan banaketa sortu
Manu erregea izan omen zen Indiako kastei ospe jainkotiarra eman ziena. Bere ahotik, apaizak sortu ziren. Besoetatik, erregeak eta gudariak. Izterretatik, merkatariak. Oinetatik, mirabeak eta artisauak. Eta harrezkeroztik eraiki zen jendarte piramidea, Indian hiru mila solairu baino gehiago duena. Jaio behar duen lekuan jaio ohi da norbera, egin behar duena egiteko. Zure sehaskan duzu hilobia, zure jatorrian patua: aurreko bizitzek merezitako saria edo zigorra da zure bizitza, eta oinordetzak ezartzen dizu lekua eta zeregina. Jokabide okerra zuzentzeko aholkatzen zuen Manu erregeak: liburu sakratuetako bertsoak aditzekotan, berun urtua botako zaio belarrietara beheragoko kasta kideari; eta irakurtzekotan, mihia moztuko. Pedagogiok ez dira honezkero erabiltzen, baina gaur egunean ere bere lekutik ateratzen dena, maitasunean, lanean edo dena delakoan, hilik edo erdi hilik utzi dezaketen ageriko zigorren arriskupean da bizi. Kastabakoak, bost indiarretatik bat, beherenekoak baino beherago dira. Ukiezinak deitzen diete, kutsatzen dutelako: madarikatuen artean madarikatuak, ezin dira besteekin mintzatu, ez haien bideak ibili, ezta haien edalontziak eta platerak ukitu ere. Legeak ditu babesten, errealitateak egozten. Edonork umil ditzake gizonezkoak; emakumezkoak edonork bortxa, horretan oso ukigarriak baitira ukiezinak. 2004 urteko amaiera aldean, tsunamia Indiako itsasertzari oldartu zitzaionean, ukiezinak izan ziren zaborra eta hildakoak biltzearen arduradun. Beti bezalaxe. Ispiluak |