Ezabatuak (idazle alemanak)
Max Herrmann-Neisse

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Max Herrmann-Neisse

 

      Poeta. Hagitz apala zen, bere herriko ipuinetako gnomo baten antzera. Eta gorputz ahul, hauskor, haren gainean kaskezur handia. Begirada zorrotza, aurpegiko adierazkera atormentatua.

      Silesiakoa zen. Neissen 1886an munduratua. Sorleku goxoaren alderako joerak populaztatu zuen beti bere gogoa. 1933an, Londonen atzerriratua, hiri osoa zeharkatzen zuen aldez alde, astean behin, hutsik gabe, hoteleko atezain batekin silesieraz mintzatu ahal izateko.

      Aita 1916an hil zitzaionean, amak bere buruaz beste egin zuen hilobiaren beraren aurrean. Max, bere herriko kazeta batean antzerki kritikak egin ondoren, Berlinera joan zen. Bere lehen poema liburua Bera eta Hiria izan zen, 1914an agertua. «Bera» Leni Gebeck zen eta behin eta birritan artikulatu zuen bere sorkuntza lana emakume haren inguruan. Urte hartan berean, Eichendorff saria eman zitzaion eta 1927an Gerhart-Hauptmann saria.

      Nobelak eta antzerkirako lanak ere idatzi zituen. Bere Albine eta Aujust Berlinen taularatu egin zen eta aski arrakasta izanez. Herrmann-Heisse bera agertzen zen publikoaren aurrean eta egiten zituen oharpen mingots batzuk bere burua eta obrari

buruz.

      Else Lasker-Schülerrek zioen Herrmann-Neisseren baitan metenpsikosia ikus zitekeela eta honako hau idatzi zuen berari buruz: ...bere begiak berde dira, ilea ere belardi berde moztu bat, bere musker-sudurra beti bihurria. Bere aho mutiko berdea erretzen da esperantzaren bortxaz. Eta bere gogoa berde eta sakon da, kanaberazko aintzira argitsu bat; bertan biltzen ahal dira estainu-belarrak, ipurtargiak, San Jose loreak eta osto pikardatuak belartegi baterako...

      1933an Hitlerrek jazartuen alde ageri eta atzerrirako bidea hartu zuen. 1936 arte ezin izan zuen argitalatxerik aurkitu eta urte berean agertu zen Zurichen Atzerria gure inguruan, kasik batere saldu ez zen 500 aleko edizioa. Ernst Tollerrek antolatu zion

urte berean urtebeteko besta bat.

      Denbora hartan bere etsipenaren erroak ziren, alde batetik, paria izateko ustea eta, bestetik, alemana izateagatik barneraturik zeraman erruaren zama. Azken horri buruz zioen Heinrich Mannek:

      Horra alemanengandik ihes joan den bat, horretarako pentsa daitezkeen motibu guztiak eduki dituelarik. Eta, alemanak ahantzi egin beharrean, beraiek merezi bezala, oraindik bizi zen beratekin, beraiei buruz ari zen beti... Damua eta herriminaren arteko nahasmena ezineraino eramana...

      Bere Leni bihotzekoa ihes joan zitzaion bankari batekin. Maxek, itxuraz, onartu egin zuen eta segitu zuen idazten. Handik labur, 1941eko udaberrian, bihotzeko infarto batek jo eta hil zen.

      Ondoko poemetarik lehena Ringelnatz, «hezurretaraino alkoholizaturik den lagunik originalena», eskalea, marginatua eta bere adiskiderik hoberenari dedikatua da. Bigarrena da idatzi zuen azkena, bere emazte Lenik, atzerrian egindakoarekin batera, 1941ean argitaratu zuena.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Max Herrmann-Neisse

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995