Ezabatuak (idazle alemanak)
Else Lasker-Schüler

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Else Lasker-Schüler

 

      Rabino baten biloba eta bankari baten alaba, Elberfeld jaio zen 1869an. Sortzez eta hizkuntzaz alemana bazen ere, bere irudimena osoki ekialdekoa zen.

      Gazterik, etxean maiz gelditzen zen eskolara gabe, dena eta ez dena baimentzen zion bere amaren ondoan. Azken hau hil zitzaionean, egiazki somatu zuen une hartan mundura sortzen zela lehen aldiz.

      25 urtetan, sortetxea utzi eta esposatu egin zen doi abizena —eta kasik besterik ez— eman zion Berlingo sendagile batekin. Lau urtez bizi zen burges eredugarriaren moduan bere lorategiko tailerrean margoak lantzen.

      29 urtetan ezagutzen du bizimodu txintxoa uztarazten dion gizona. Kaleetan barrena badakusa eta berehala badarraio begietarik galdu gabe. Bolada batez, jostetan, liluraz eta nahikeriaz, badabil haren atzetik. Sekula ez zuen haren zinezko izena salatu, Alkibiades de Rouan gisa agertzen baita poemetan. Harengandik seme bat izan zuen: Paul, 28 urtetan, tuberkulosiak joa, hil zena.

      Senar gaizoa, jaun doktore errespetagarria, dena eta ez dena irensteko prest izan arren, 1903an dibortziatu ziren. Bi ama semek soto batean bizi behar dute. Handik ateratzen ditu askoz aberatsago ez den poeta ibiltari batek: Peter Hille. Aterbe berria Berlingo artisten komuna batean egongo da.

      Handik aurrera, ekiten dio bigarren naiftasun baten eguneroko eskuratzeari. Styx, bere lehen poema liburua, bere ametsezko munduaren erakuspena da: Bagdadeko Tino, Jussuf, Tebaseko printzea... eta bere adiskideak ere bai: Dalai Lama, Pragako printzea, Zaldun urdina...

      Komuna berean, ezagutu zuen Georg Lewin musikari eta idazlea, berau izango da espresionismoaren teoriko ezagunetariko bat. 1903an ezkondu eta 1912an dibortziatu egiten dira. Else Lasker-Schülerrek ez du geroztik bizileku finkorik izango; gehienetan, gela alokatuetan bizi da, panpinaz, ispiluz eta kriskitin-krasketin mota guztiez inguraturik. Bibliotekarik ere ez du behar. Berlingo Cafe des Wenstens eta gero Romanische Cafe dira bere idazlekuak; bertan idazten ditu bere liburu gehienak Bagdadeko Tinoren gauak, Malik, Zazpigarren eguna...

      Mutilen antzera mozturiko ile beltzaraneko emakumea apalik eta argala da. Belarritako, eskuturreko, kate, katetxo eta zintzilakario merke asko daramatza aldiro. Zernahiren gainetik, «Amodioaren jainkozko mirakuluan» sinesten du baina, nola gizonekiko harremanetan liluramenduak istanteko itzaltzen baitira, behin eta birritan etsipenean derora. Halarik ere, ez du bere naiftasuna eta espontaneitatea ezeren truk galdu nahi.

      Bigarren senarrari idatzi zion: Badakik niretzat amodioa zer den; bandera bat balitz eskuratuko egingo nikek edo hil...

      1925an, editoreak idazleen bizkarkinak direlakoan, haien kontrako salaketa bat idazten du libelo batean. Ondorioz, zazpi urte luzez ez du fitsik ere argitaratzen ahal. Adiskide zenbaitek diru bilketaren bat bere alde egiten badute ere, gau askotan

parkeko eserlekuetan egin behar du lo. Berak zioen etxeei hertsiki atxikia ibiltzen zela, balkoi eta hegatzen gerizan, gurasoek zerutik bere gabezia ikus ez zezaten.

      Denboraldi hartan semea hil zitzaion eta Gottfried Benn —nazien alde agertu zen artista espresionista bakarrenetariko bat— gertatzen da bere sustatzaile eta sostengu bakarra.

      Gizon askotaz maitemindu zen. Inola ere, fideltasun jarraitu bat gauzatzen zen haien guztien bidez:

 

            Beti hire ezpainen bila

            Mila musuren bestaldean...

 

                  Immer suche ich nach deinen Lippen

                  Hinter tausend Küssen...

 

      Else bolada luze batez bizi zen «Sachsenhof» Berlineko hotelarentzat lan egiten zuen zurginak zioen: «Amoranterik aurkitzen ez zuen gauetan, sistematikoki hondatzen zuen gelako zurezko baranda. Konpondu eta gero, inola ere ezin nintzen joan harik eta nik haren gosaria jan eta berak bere poemak niri errezitatu arte...»

      1933an, beste askok bezala, Alemania utzi behar izan zuen eta Zurichen, parkeko eserleku batean loran egoteagatik, atxilotua izan zen. 64 urte bazituen. Palestinarako joan etorria bi aldiz egin ondoren, azkenean, gerragatik, han gelditu behar. Salmon Schocken editoreak eta Jewish elkarteak sostengu finantzieroa ematen diote. Laketu ezinean, Alemaniara nahi du baina hori ezinagoa zaio... Azken denboretan, haurrekin ibiltzen ohi zen, goxokiak erosi eta zinera eraman ohi zituen... 1945ko urtarrilaren 22an hil zen Jerusalemen.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Else Lasker-Schüler

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995