Ezabatuak (idazle alemanak)
HITZAURREA
1933ko maiatzean, naziek erre egin zuten «arte dekadentea» bezala ofizialki kontsideratzen zen liburu meta handi bat publikoaren aurrean. Liburuen erreketa izan da, eta behar bada izango da, maiz errepikaturiko gertakaria, klasikoa nonbait; gotorlekuen eraikuntzarekin batera, beti izan da tarea común de los príncipes Borgesen arabera. Hala ere, irakurle izan gabe izurrite gaitzen iturburutzat jotzen dituztenengan liburuek daukaten lilura eta gorrotoaren arteko nahasmen arraroak beti harritu egin nau. Azken zerean, suaren erritoa bailiteke ere liburu bati, nahi bezain txarra bada ere, egiten zaion debaldezko patetikokeria. Baina Alemaniaren kasuari gagozkiolarik, hura espeziala izan zen. Beste frontetan ez bezala, liburuekiko harremanetan Hitlerrek lortu zuen nahi zuena, horretan dena atera zitzaion bere asmoen arabera. Hitlerrek kanonizatu egin zuen Nietzsche—sekula irakurri ez zuena— Weimarren dedikatu zitzaion tenplo irrigarri haren bidez. Zeremonia horrek bereziki lagundu zuen Nietzscheri atxikitzen orain arte dirauen leloa. Espresionismoarekin ere gauzatu egin zuen bere xedea: literatur belaunaldi oso bat ezabatzea. Izanez ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren ez zen Alemanian 20etako hamarkadako kasik libururik batere birrargitaratu, alemanen bi belaunaldik ez dute eskolan haiei buruz hitzik ere aditu eta soilik 80etako hamarkadaren inguruan hasi da haien obraren birreskurapen partziala. Gerokotasun ofizialak finkatu du aro hartako idazleak Thomas Mann, Bertolt Brecht eta, aditurik zorrotzenentzat, Gottfried Benn direla. Baina nazien boterepean kondenatu idazleen zerrendan izenak ehundaka zenbatzen ahal dira eta, jakina, gauza bera geroztik eskuraezinak eta ezezagutzan gelditu diren liburuak. Zineman eta, eskuarki, plastikan eta are musikan espresionismo alemanak izan zituen eragina eta fama handiak ziren. Literaturarena oso besterik izan zen, bere baitan geratu zen, inplosio bat izan zen soilik sutsuki kondenatu zutenengan kezka zerbait sortu bide zuena. Beste gauza bat litzateke espresionismoa zer den mugatzea. Bestetan bezala, honetan ere hiztegiek oso erraz lerrokatzen dituzte hitz larri zenbait, luzeak bezain hutsak. Ez naiz ismoen esentziazko mugetan eta beren ustezko berrikuntza iraultzaileetan sinesle. Zineman edo pinturan berean, espresionismoaren funtsak ageriagoa eman dezakeen disziplinak izanik ere, ez da teknika baino doi urrunago doan ezer harrapatzen. «Ikuspegi subjektiboak» eta gainerako slogan papartzuek ere ez dute beste ismoek ez daukaten deus berezirik esplikatzen. Grabatu edo poema inpresionista bat ez da espresionista den bat baino objetiboagoa. Beti eta zernahitan, estiloaren nahia gailenduko da —edota gailentzen ahalegin- adierazpenaren nahiaren gain, hark menperatuko eta moldatuko du hau. Tentsio horretatik sortzen da arteak —edozein gertakari estetikok— izan dezakeen erakargarritasuna: esanahia izateko zorian eta puntadan egotea. Espresionista ez da aurreratzen kanpoko munduari buruz, inpresionista kanpokoak sortarazitakoaren zain dagoen artean; interpretazioa bien baitan izango da, berdin-berdin, eta, oroz gain, biek sinetsi egingo dute —orain bereziki poetei buruz ari naiz— hitzaren magian. Espresionista alemanengan amankomunean ikusi izan dudana konpromezu eta engaiamendurako nahia izan da. «Estetizista hutsalak» ziotenean, «burgesak» edo «eskuindarrak» esan nahi zuten. Hori zen inpresionistekiko zeukaten zinezko distantzia. Espresionistek garbiki eta zehazki ikusten zituzten kapitalismoaren berehalako erorketaren ezaugarriak, baina ez zuten ikusi hemendik eta orain asmatzeko hain erraza dirudiena: Alemaniako 18-19ko iraultzak huts egingo zuela eta sozialdemokrazia militarrekin elkartuko zela bere botoemaileak tirokatzeko. SPDren tradiketa hura, Lehen Mundu Gerra eta bere ondokoa: errezesioa, langabezia, etsipena eta berriro gerrarako bidea, izan ziren gehien markatu zituzten gertakariak. Berlin zen bere hiria, han egon ziren guztiak inoiz, guti edo aski.1933an, atzerrirako bidea hartu behar izan zuten gehienek, besteentzat konzentrazio esparruak edo heriotz kondena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren bizirik zeudenei bi Alemanetarik batere ez zegokien aberria bezala; batean sobera ezkertiar eta bestean ez aski ezkertiar. Gerra hotzaren aroa amaitzean hasi zen, mantso, birraurkikuntza. Reichen kondena izatea da liburu honetara bildu ditudan poetek daukaten ezaugarri amankomuna. Bestalde, nahi izan ditudanak. Izan litezke beste batzuk edota direnak baino askoz ere gehiago; hauexek dira, ordea. Oso erraza litzateke hemen esatea ez dakit zeren ordezkaritza bat osatzeko asmotan hautatu egin dudala. Espresionismoa, edo aroa, edo horko herria, edo halako ideologia, edo honako estetika ordezkatzen dutela. Ez. Poeta bakoitza ez da euskaratu dizkiodan poemen bidez ordezkatua ere. Ordezkatzea... guztiz gauza iluna baita hori: horretarako hitz bakar bat sobera daiteke eta bizitza osoan zehar esan eta idatzi guztiak eskas. Eta zer esan poesiaren itzultzeaz? Beste inon esan nuen, Ungarettik idatzitakoaz baliatuz, ez erritmoa, ez hotsen nolakotasuna, ez edukia, ez estiloa, ez direla itzultzen ahal. Poesia itzulezina dela eta soilik egiten dela, hain zuzen, poesia originalak egiteko. Bada, berorixe. Eta gainera, oso gauza arriskatua dela eta segurua, aldiro hautatu beharreko zirt edo zart kontrarioak eskatzen eta bide konfundigaitzak erakusten dituela, eskergaitza dela eta atsegina, problematikoa eta erraza. Eta dugun panoramaren aurrean maiz pentsatu dudala zertako sartu naizen honelakoetan. Nire eskerrona Tere Irastorzari ni lan honi lotzearren emandako animoengatik eta halaber testua irakurrita egin sujerentziengatik.
Ezabatuak (idazle alemanak) |