Ezabatuak (idazle alemanak)
Armin T. Wegner

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Armin T. Wegner

 

      Hogei urteetako idazle sonatuenetariko bat. Bereziki bere bidaia liburuak ziren arrakasta handia zutenak; alabaina, 1945 eta gero, kasik osoki ezezaguna zen. Bere liburuak ez ziren gehiago argitaratzen eta 1947an bere izena agertzen zen hildakoen

ohoretan Berlinen eraiki oroitarri batean. Baina bizi zen, 1978ko maiatzaren 17an hil baitzen, ia 92 urte zituela.

      Nonbait ere, inongo alderditakoei ez zitzaien komeni. Beste asko ez bezala, Alemanian gelditu zen eta ausartatu zen —hain zuzen nazien araberako arraza-eredua itxuratzen zuena: «etorki garbikoa», garaiera nabarmenekoa, begi urdinak, ilaje

horaxta...— Hitlerri gutun-salaketa bat idaztera. Bertan aurpegiratzen zion juduen kontra hasi berria zen jazarpena. Urte batez espetxeratua eta torturatua izan zen. Eskertiarra zen, baina ez alderdikidea. Sobiet Batasuna ezagutu baina han dogma eta fanatismoaz landa ezer guti ikusi zuen. J. R. Becher poeta, DDRko Kultur ministroa, bere adiskidea zen baina bera luzaz Erroman bizi behar izan zen, bi Alemanietan zituen adiskideengandik eta Palestinan zeukan lehen emaztegandik urrundurik halabeharrez. Bakardadean.

      Wuppertal-Elberfelden sortu zen, 1886an. Ama sufragista zen. Lau leku eta zazpi eskola ezberbinetan egin zituen lehen estudioak. 1909-1913 idatzi zituen bere poemarik hoberenak Hirien aurpegia liburuan; orduko zentsurak «obszeno eta zikin»tzat hartu zuena eta lau urte iragan arte argitaratu ahal ez zena.

      Lehengo mundu gerran Turkian ibili izan zen erizain bezala. Bertan ezagutu zuen armeniarren masakrea: mendebaldearen soraiokeriaren aurrean 1,5 milioi lagun sistematikoki eta krudelki hilak gobernu turkiarraren aginduz. AEBetako presidente Wilsoni idazten dio gutun ireki bat sarraskia deskribatuz baina hori ez zaio inori interesatzen.

      1918an ikusten du nola sozialistak militarrekiko koalizioan sartzen diren eta botoa eman dieten langileak tirokatzen. Orduan erabakitzen sekula ez dela militantea izango. 1926 Alemaniako Akademiaren ohore saria erdiesten du Thomas Mannen bermeari esker. Gero, bidaiak. Europa luze eta zabal, Iparrafrika eta Asia: aldizkari eta irratiarentzat idazten du.

      Bere lehen emaztea, Lola Landau, 1918an ezagutzen du. Ginekologo famatu batekin esposatu idazlea eta bi haurren ama berehala maitemintzen eta elkarrekin bizi dira. Bien alaba oraindik bizi da.

      Naziek botere hartzen dute 1933an, Armin T. Wagner atxilotua izan da eta gero Italiara ihes egin behar du. Lola Landau Palestinara doa. Azken hau ezin zen Alemanian egon eta hura ezin zen juduen lur prometatuan laketu. Elkarrengandik betirako urruntzen dira.

      Armin T Wegner ezkontzen da Irene Kowaliskarekin eta Erroman bizi da. Hiltzat emana eta arroztua, Alemaniara itzultzen da baina alferrikako saioa da: bere herria ez da jadanik inon.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Armin T. Wegner

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995