Ezabatuak (idazle alemanak)
Ernst Toller

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Ernst Toller

 

      Ernst Toller antzerki egile ospetsua izan zen, bere lan dramatikoak taularatu eta hizkuntza askotara itzuli egin ziren. Bere obra poetikoa, berriz, ezezaguna da.

      XVIII. mendearen hasieran Espainiatik Federiko II.aren Prusiara joandako familia batengandik eratorria, 1893an sortua, parte hartu zuen lehen Mundu Gerran bolondres gisa. Sukar hori agudo joan zitzaion eta 1916an erdietsi zuen lizentzia osoa

eta hasi zen Heildelbergen estudiatzen.1918an Kurt Eisner buruzagi sozialista ezagutu eta beronetaz prendatu egiten da. Pazifismoa zen garaiko hitz gakoa; Tollerrek sekula utziko ez duen joera. Urte berean, atxilotze labur batean, irakurtzen ditu lehen aldiz Marx, Engels eta Rosa Luxemburg.

      1919an, Eisneren hilketaren ondoren, hautatzen dute Bayerneko errepublikako kontseilari. Errepublikaren desegiketaren ondoren traizio larriagatik epaitu eta bost urteko zigorrara kondenatua izan zen. Ordurako, dramaturgo famatua zen eta epaiketaren artean Romain Rolland, Thomas Mann eta beste prominente batzuk agertu ziren bere aide. Bere Metamorfosia taularatzen da arrakasta gaitzarekin. Geroko urteetan, Alemaniako antzerki politikoaren patroi gorena izan zen, Bertolt Brechten gainetik. Beti ere, eskuinak «boltxebiketzat» dauka eta ezkerrak —Brechtek berak, adibidez— «ideologia nahasiko» idazletzat. Gartzelaldi horretan zehar idatzi zituen bere antzerki lanik famatuenak. 1920.ean, espetxetik beretik, badakusa Alemaniari eta munduari datorkion ekaitza: Seinale guztiek adierazten dute diktadura militar bat... katastrofeak geldiezina dirudi...

      Gartzelan, bisitak, paketeak, patioratzeak eta beste «baimen» asko debekatzen zaizkio noiznahi. Orduan idatzi zuen Ainaren liburua.

      Libre gelditzen denean, 30 urteko gizon ileurdina da, «Pazifista iraultzaileen talde»koa. Eta hagitz famatua. Bere liburuak 27 hizkuntzetara emanak baitira. Segitzen du antzerkia idazten eta arrakasta izaten. Politikoki, Hitlerren diktaduraren kontrako

fronte bat eraiki nahi du.

      Hain zuzen ere, naziek boterea hartzen dutenean, etxera doazkio hiltzeko asmotan. Suitzan zen une hartan eta hor hasi zen bere atzerriratzea. Alemanian, bere liburuak publikoki erre egin ziren; kanpoan, arriskua gutiesten zen: 1933ko Pen-Clubeko kongresuan, Toilers estatuko terrorismoaz eta giza ehizaz mintzatzearekin, alemanak ezezik, frantsesak, suizoak eta austriarrak gelatik ateratzen dira.

      1936an, Estatu Batuak puntaz punta ibiltzen ditu garaiko prentsak «hitzaldi alarmistak» kontsideratzen zituena eginez. Zine gidoilaria izan zen ere eta Espainiara joan zen gerra bertatik ezagutzeko asmotan. Orduan, Tollerren emaztea zen Christiane Grautoff aktoresak abandonatu egiten du. Espainiako egoeraz kezkaturik, lan handiak egin zituen bi aldetako gosetientzat laguntza humanitario erdiesteko, azkenean, Inglaterra, Suedia, Norvegia eta Danimarkako gobernuengandik dirutza bat lortu eta bideratu ondoren, Francoren eskuetara joan zen dena eta honek armatan xahutu egin zuen.

      1939ko udaberrian, Espainiako gerra —guda zelaietan egiten zena bederen— amaitzen da nazien laguntzari esker. Toller etsita eta bakarrik da; bere Pastor Hall, Hitlerren aurka erresistitzen den lagun baten historia, ez da taularatzen. Loak ezin harturik badabil espetxetik libratuz geroztik. Maiatzaren 22an, «Mayflower» hoteleko bere dutxatik urkatzen du bere burua; mahai gainean omen zeuzkan Espainiako haur gosetien argazkiak. Aspaldi idatzia zuen: Amets egiteko kemenik ez duenak ez du bizitzekorik ere.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Ernst Toller

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995