Ezabatuak (idazle alemanak)
Klabund
Klabautermann (iratxo) eta Vagabund hitzen has-bukaeraz moldatu zuen izena eta hala sinatzen zituen bere liburuak, burokrazia orojakilearentzat Alfred Henschke bazen ere. 1890ean Crossenen jaioa, 1928an hil zen Davoseko eritetxean. 16 urtetan tuberkulosia diagnostikatu zioten eta ordudanik, behin umorez, behin nabarmenkeriaz eta beti tinkotasunez, heriotza izan zen bere gai bakarra. Thomas Mannek baino askoz ere lehenago hartu zuen tuberkulosia literatur gaitzat. Hondarrean, bizitza iruditzen zitzaion heriotzaren zati bat. 1913an agertu zen bere lehen poema bilduma. Eta berehala eskandalua: isunez eta ale guztien bahiketaz zigortu zitzaion «Jainkoari egindako laidoengatik». Epaileek erabaki zuten poema honek artearen mugak ageriki hankapetzen zituela:
Jainko batek oka egin ninduen Hona naiz orain, gorotz mukurua Ez ez dut urratsik ere aitzinatzen (...) Esaidazue, loreok, maite nauzue? Ez zarete hain jori hazten nire bidez? Zimaurra nauzue! Zimaurra!
Es hat ein Gott mich ausgekotzt, Nun lieg ich da, ein Haufen Dreck, Und komm and komme nicht vom Fleck (...) Ihr Blumen sagt, ach, liebt ihr mich? Gedeiht ihr nicht so reich durch mich? Ich bin der Dung! Ich bin der Dung!
Bere literatur obra 76 liburuetan barrena hedatzen da eta ez du batere jenerorik baztertu. Bere produktibitatea sinesgaitza zen, barreneko lehia sakon batek eragindakoa. Zernahiz baliatzen zen, denak balio zion idazteko. Berlineko Romanischen Cafen, poeten topalekuan, esaten omen zen norbaitek edozein pasadizo kontaturik: «Ez errepika hori Klabund etortzearekin. Gaur bertan egingo du hortik nobela edo kantu bat.» Eskolatik kasik zuzenean pasatu zen eritetxeetara. Suitzako sanatorio batean ezagutu zuen 1918an Brunhilde Heberle bere lehen emaztea. Bera bezala tuberkulosiak joa. Zazpiki batez erdia hil zen Brunhilde eta umea ere zendu zen hilabete gutxiren buruan. Etorri ziren inflazioko urteak. Klabundek ez zitzakeen sanatorioko gastuak paga eta lehenago aipatu Elisabeth Bergner aktoresak dirua eman zion. Aro horretan, 1925an, taularatu zen bere Klarionezko zirkulua, B. Brechtek birmoldatuko zuen obra. Klabunden lan hori Alemania osoan ezagutua izan zen; idazle ospetsua egin zen eta hortik bizi zitekeen. Baina fisikoki azkenetan zegoen:
...Udan bezala usaintzen zuan gaztainen barrena. Baina arnas hori ez zuan inongo ahotik zabaldua, Eta bere xamurtasuna mehatxatzen dik Lurreko ordu baten gogoak Baitakik: horrela soilik Herioa urrindatzen duk Somatzen duk seme bat bezala ezaguna zaiala (Susmoa duena ez zegok jada bakarrik...)
...Wie sommers er durch die Kastanien strich Doch dieser Atem wuchs aus keinem Munde, Und seine Zärtlichkeit ist so bedroht Von dem Gedanken einer irdenen Stunde, Da? du es wei?t: so duftet nur der Tod. Du ahnst, da? er dir wie ein Sohn bekannt ist. (Wer Ahnung hat, der ist nicht mehr allein...)
Carola Neher aktoresarekin ezkondu zen. Berau Brechten orduko aktoresa faboritoa. 1928an, Klabund azkenetan zegoelarik, Carola antzerki-probak utzita harengana joan zen. Brechtek behin eta birritan telefonatzen zion: «Hil da dagoeneko? Hil da dagoeneko?». 1942an, sobiet poliziek Carola hil zuten ez baitzuen Moskurentzat espiotza lanik egin nahi.
Ezabatuak (idazle alemanak) |