Ezabatuak (idazle alemanak)
Albert Ehrenstein
Garai hartan, alemanerazko idazle juduen artean —Kafka, Werfel, Lasker-Schüler, Toller...— hau zen jatorri pobreko bakarra. Horrek eta, areago, bere arrakastarik ezak markatu egin zuten. Samindura eta etsipenaren adierazpena baitzen bere literatura. Juduen literaturan —idazten zuen— beti aurkitzen dut bestean baino moral eta etikari buruzko bezalako gehitze bat, anitzetan zinismo eta umorezko maskarapean.... Adibideak bezala, Heine, Freud, Borne eta bere burua aipatzen zituen. 1887an Vienan jaioa, eskolan gailendu egin zen baina, inola ere, irakasleekin ez zuen harreman onik. Ez omen zuen bere burua maitarazteko abileziarik. Bere gurasoen nahiaren kontra, letrak estudiatu zituen. 1910ean argitaratu zen bere lehen poema eta ondoko urtean Tubutsch, bere nobela. Pertsonaia hau, Ehrensteinen beraren kontrafigura izateaz gain, gertatzen da, denborak ematen digun perpektibaz, Samuel Beckett eta Kafkaren unibertsoaren profeta aditugabea, saindutegian sartzerik izan ez duena: Nire izena Tubutsch da, Karl Tubutsch. Azpimarkatzen dut zeren izenaz kanpo ezer gutxi baitut... Ez da udazkenaren malenkonia eta samindura, ez lan handi baten osaketa, ez eritasun luze eta larri bateko iratzarpen gorraren modorra... Ez dut inola ere konprenitzen nolatan erori naizen egoera honetara. Nire inguruan eta nice baitan hutsa eta basamortua nagusitzen dira. Husturik nago ez dakit zerez. Zeinek edo zerk eragin duen ilundura hau: izengabeko mago handiak, ispilu baten isladak, hegaztin baten habiaren erorketak, haur baten irribarreak, bi euliren heriotzak... Horren inguruan ikertzea, bakarrik ikertu nahi izatea, alferrik da, zentzugabea, mundu honetan kausa baten bilatze guztiak bezala. Ikusten ditut soilik ondorioak; alegia, nire gogoak oreka galdu duela, zerbait hautsi zaiola... Eherenstein izan zen Kafkaren lanaren esanahia ezagutu eta Vienan haren aldeko kritikak egin zituen lehena. Aro hartan, argitaletxe baten irakurlea zen eta Lasker-Schiiler, Werfel eta G. Bennekin zituen adiskidantzazko harremanak. Lehen mundu gerraren ondoan, esperantza handiak zeuzkan iraultzarekiko eta «Alderdi sozialista antinazionalistaren manifestua» idatzi zuen. Baina esperantza mesianiko horiek huts egin zuten. Ondoko poeman agertzen diren Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburg matxinada espartakistaren buruzagiak dira, ondoko errepresioan atxilotuak eta hilak izan zirenak. Elizabeth Bergner, orduko aktoresa ospetsua, izan zen bere bihotzaren hautetsia. Baina, mende honetako bigarren hamarkadako Berlinen, zinemako arrakastarik arrakasta ibiliz, Bergner ederra oharkabean urrundu eta aldegin zitzaion betirako idazle minduari. Iraultzaz eta amodioaz desengainaturik, bere doinuera gero eta mingotsagoa egin zen; batzutan aski oihularia. Efektu merkeen bila, Goetheren lerrokadak:
Ezagutzen duzu germaniarrak loratzen diren herria? Ezagutzen dituzu astapito hiperalemanak?
Kennst du das Land, wo die Germanen blühn? Kennst du die überdeutschen Untermenschen?
eta Alemaniako himnoa parafraseatzen zituen:
Botxerria, Botxerria oroz gain! Atzerria, Atzerria oroz gain! Herri guztiak oroz gain! Jende guztiak kaka mokordo baitira!
Bocheland, Bocheland über Alles! Welschland, Welschland über Alles! Alle Länder über Alles! Alle Völker sind ein Dreck!
Naziek boterea hartzearekin, Suitzara joan zen. Hor Herman Hessek erdietsi zion egoteko baimen mugatu bat. Alemaniara ez itzultzeko, nazionalitate txekoa hartu zuen, baina, azkenean bere anaia Carlen etxera, Ingalaterrara, joan behar izan zuen. Albert bezala, anaia han ere idazle proskritoa zen, 1945tik hona bere liburuak ez dira birrargitaratu eta aurkiezinak dira. 1941ean, NewYorkera arribatzen zen. Thomas Mannek gestionatu zion bizitzeko baimena. Beste zenbaitek diru zerbait eman zioten. Segitzen zuen poemak eta narrazioak idazten, baina inori ez bide zitzaizkion interesatzen. 1949an itzuli zen Alemaniara eta bertan bere idazlanak eskaini egin. Alferrik. New Yor-kera berriro, guztiz etsitua; apoplejia bat izan zuen, pobreentzako Welfare Islandeko eritetxera eramanik, 1950ean hil zen.
__________
Ezabatuak (idazle alemanak) |