Ezabatuak (idazle alemanak)
Walter Mehring

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Walter Mehring

 

      Mende honetako alemanerazko letretan satira inork landu badu, hori Mehring dugu. Bere poemak, nobelak, antzerkirako testuak eta, oroz gain, baladak eta kantuak, beste idazle askoren lanen modu berean, ezerezean kulunkan, ez ur ez ardo, gelditu izanak ziren hiru hamarkadaz; izanez ere, bi Alemanietako ezeinentzat ez zen Mehring kanonizatzeko egokia. Mendebaldekoentzat sobera ezkertiarra, ekialdekoentzat oso ortodoxia gutxikoa. Azkenean, 1978an, egilea hil eta bi urteren buruan, argitaratu izan dira bere lan osoak.

      Berlinekoa zen, 1896an jaioa. Aita, Villon eta Verlainen itzultzailea, kazeta baten gehigarri satirikoaren erredaktorea izan zen.

      Ikaslea zelarik, hasi zen Sturm aldizkarian kolaboratzen; bertan agertu baitzen bere lehen poema. Sturm haren inguruan biltzen ziren futurismo, kubismo eta, bereziki, espresionismoaren misiolari berriak.

      Lehen mundu gerran aritu behar izan ondoren, beti eduki zuen sen satiriko zorrotza agertu zitzaion. Kantuak eta baladak ziren bere lanik, eta armarik, hoberenak. 192l lean Frantziara joan zen kazetari gisa, han ikertu ahal zituen artxibu zaharretan Komunaren aroko kantu iraultzaileak eta haietarik asko egokitu eta birsortu egin zituen.

      1929an, taularatu zen bere Berlingo merkataria. Inflazioaren bidez aberasten direnen aurkako salaketa zen baina, are garbikiago, zetorren katastrofearen abisua. Naziek manifestaldiak egin eta bonbak bota zituen antzokiaren kontra. Goebbelsek idatzizuen Urkamendira izenburuko artikulu bat Mehringen kontra. Reichstagen sutea baino doi egun bat lehenago, ihes egin ahal izan zuen. Parisen irakurri zuen naziek atxilotutakoen zerrenda eta bertan zen bere izena ere.

      1935ean, nazionalitatea kendu zitzaion «Reichekiko traizioa»gatik. Bere erantzuna izan zen Berlini egindako amodio deklarazioa, bertako mintzairazko fonetismoz eta esamoldez gauzatu poema samina. Urtebete geroago, Austrian, argitaratu zuen Familia aleman baten kronika, Tazitogandik Hitlerganaino; Alemaniako enbaxadoreak protestatu egin zuen «arraza ariaren mentalitatea iraintzeagatik». Mehering saiatu zen Suitzan barrena Parisera joaten. Perpignanen atxilotua izan zen eta St. Cyprieneko konzentrazio esparrura eramana.

      Sartu berri-berria izanik, ihes egin zuen ustegabeko moduan: zaindarien barrakara joan zen, bi soldadu frantses gosaltzen ari ziren eta batek galdegin zion: «Zer nahi duzu?» eta Meheringek: «Nire anaia bisitatu egin nahi nuke. Mehering jauna, he-

men omen da...»; soldaduak, berriz: «Baduzu baimena?» Meheringek: «Ba... ez...» eta soldaduek, oihuka: «Aide hemendik!». Bi egunez egon zen laborari baten etxean gorderik, gero Marseilara iritsi eta hartu zuen Ameriketara zihoan itsasontzia.

      Gerra amaitzearekin, Europara itzuli eta Suitzan gelditu zen. Ekialdeko Alemanian bizitzeko aukera eman zitzaion baina ez zuen nahi. DDRko literatur hiztegi batek Mehring aipatzen du «idazle burges-ezkertiarra, oposizio indibidualaren jarrera

gainditu ez duena» bezala. Meheringek, bere aldetik eta DDR existitu baino lehenago, honela definitu zuen Estatua: Indibiduoaren kontra konspiratzen duen interespartzuergo legalizatua.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Walter Mehring

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995