Ezabatuak (idazle alemanak)
edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Ivan eta Claire Goll

 

      Parisen eta 20. hamarkadan izan ziren senar-emazte hauek espresionismo eta surrealismoaren arteko topagunea. Beren etxera biltzen ziren Joyce, Malraux, Breton eta Gide bezalako idazleez gain Chagall, Picasso, Delaunay eta Braque margolariak.

      Ivan Goll St. Dien, Alsazian, sortu zen 1891n. Berak idatzi bezala: Ivan Gollek ez du aberririk batere: patuaz judua, zoriaz Frantzian jaioa, paper zigilatuaz alemana...

      Alemaneraz eskolatua, haurtzarodanik ezagutu zuen frantsesa eta bi kulturen arteko bizibehar hark adierazi zuen beti bere kontresankortasun mingarria: bi herritako izatea eta ezeini ez egokitzea.

      Metz, Estrasburgo, Friburgo, Genf eta Berlinen egin zituen estudioak. Gero, nahiz erro-errotik hobekien ezaguturiko hizkuntza alemana izan, izan zituen soilik frantsesez eta are ingelesez idazten aritutako boladak. Bereziki nazionalsozialismoari

hartutako nardagatik.

      1916 Claire ezagutu zuen; honek irakurriak zituen Ivanek gerraren kontra idatzitako poemak baina, poeta bezala miretsi arren, beste gizon batez enamoratua zen, poeta hura ere baina askoz ere ospetsuagoa: Rainer Maria Rilke. Bi urtez iraun zuen

Rilke eta Claire Gollen arteko erlazioa.

      Claire Goll, Nurnbergen sortua eta Munichen hazia, Ivanen adin berekoa zen. Bere amaren senarra aberatsa zen, enpresaria eta Argentinako kontsula, baina ez zen bere aita. Errol hori beste bati suertatu zitzaion: amaren amorante bati. Amak, nonbait, gauzatu gabeko irrika eta bizinahi asko zeuzkan eta beraiek asetzeko asmotan bi moduz baliatzen zen: sekretupean etxez kanpoan emandako gauak eta alabari pairarazi zizkion tortura sadikoak. Bost urtez zaharrago zen bere nebak Claire defendatu nahi zuen, orduan amak salatu eta korreziotegi batean sarrarazi egin zuenean, mutilak bere buruaz beste egin zuen 16 urtetan.

      Ihesbide bati lotzeko beharra edukiz, Claire ezkondu egin zen gazterik. 1916an dibortziatu egin zen eta, nola adulteriogatik erruduna deklaratua baitzen, alabarik gabe gelditu behar.

      Ondoko lehen poeman ikus daitekeen bezala, biziki erruduna sentitzen zen bere alabarekiko. Rilke eta bien arteko harremana bukatu zenean, Claire eta Ivan ezkondu eta Parisen bizi izan ziren. Hogeiren bat urtez, abangoardia artistikoaren aterbea izan beren etxebizitza.

      1938an, Ivan joan zen bederatzi urtez gazteago zen Paula Ludwig modelo eta idazlearekin. Claire saiatu zen bere buruaz beste egiten. 1939an, gerrak eragindako bortxazko atzeriratzeagatik, Paula joan zen Brasilera eta Ivanek Amerika ezagutu zuen, kontsumismoaren infernua iruditu zitzaiona. Itzultzean, leuzemia diagnostikatu zioten eta 1950ean hil egin zen. Klinikan, alemaneraz eta frantsesez oihukatzen omen zuen: Utz nazazue nire heriotzarekin bakarrik!

      1977an, minbiziak ere hil zuen Claire. Biak daude Pere Lachaisen, Chopinen hilobi ponposoaren aurrean.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995