Ezabatuak (idazle alemanak)
Erich Mühsam

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995

 

 

Erich Mühsam

     

      Argazkietan agertu bezala eta ezer gehiago jakin gabe, bere matrail puska aitzinatu harekin, gorbata xirrixtilo ponpox eta eroriaren gainean, bizar zerratu gorriaren atzean, ilaje zutikor eta zerlatzuaren azpian, pintzazko antiojuen bestaldean zegoenak arront itxura basa zeukan. Halarik ere, lagunik goxoena omen zen.

      Berlinen munduratu zen 1878an. Aita botikarioa zen, militar izandakoa. Erich Mühsamek disfrutatu zuen haurtzaroan ondoko bizitzan amorru eta gorrotorik handiena inspiratzen zion giroa: bortizkeria, autoritate irrazionala, intolerantzia eta zuzengabekeria. Ondorioz edo halabeharrez anarkista egin zen.

      Bolada batez Thomas Mannen eskolakidea izan zen. Baina, bestela, gogokidetasun handirik ez zuten izan. Izanez ere, bere ideala ez inongo alderdirena. Eta eskuinekoek behin baino gehiagotan atxilotu eta, azkenean, hil egin bazuten ere, distantziarik eta ezinulerturik handienak komunisteekin eduki zituen.

      Lübecken bizi ondoren, 18 urtetan, Berlinera igorri zuen aitak zigortu asmoz. Semearentzat, ordea, erregalia eta liberazioa izan zen. Mende-aldaketako Berlinen ezagutu zuen literato, artista eta mundu-hobekitzaileen gizarte sukartsua. Mundu-moldariak onddoak bezala hazten omen ziren han. Bere lehen poemak argitaratu eta Peter Hille eta Else Lasker-Schüler bezalako jendearekin adiskidetu zen.

      Gustav Landauerek erakarri zuen anarkismoaren utopiarako. Eta, horren ondorioz, aski goiz seinalatu zuen bere irudiko proletarioaren arrakastarik ezaren kausa ageria: marxismoaren dog-matismo itxia. Berlinetik Munichera joanda, liluraturik gelditu zen hiriko giroaz. Eztabaida gutiago eta edari gehiago omen

zen. 1907an, hots, espresionista gehienek baino lehenago, aldarrikatu zuen poesia eta konpromezuaren arteko batasuna.

      Lehen Mundu Gerra amaiarazi nahian, nazioarteko ezkerreko alderdien adostasuna proposatu zuen. Inor gutxik entzun bide zuen bere ideia baina, zer gerta ere, Kaiseren gobernuak espetxeratu egin zuen pazifista okurrentea. Eta, gerraren ondoren, sozialistek bermaturiko gobernuak 15 urteko gartzela zigorra ezarri zion, Municheko errepublikan parte hartzeagatik. Gartzelan idatzi zuen bere obra politiko eta literarioaren zatirik handiena. Indarkeriarik gabeko anarkismoa predikatzen zuen:

      Bere kausa zerbitzatu ustetan, bere ondokoaren aurka armaz baliatzen denak hausten du anarkismoaren oinarrizko ideiaren erroa bera: indarkeriarik eza. ( ..) Bere umea gaizki darabilenak eta zernahi modutako tratu txarrak ematen dizkionak bermatzen du Estatu eta Kapitalaren boterea...

      Ez zen batere lagun erabilgarria sozialdemokratentzat eta, askoz ere gutxiago, komunistentzat. Albert Einstein fisikoak eta beste prominente zenbaitek, Mühsamen teoriak hurbilago ezaguturik, gartzelatik atera zedin eskaria egin zuten eta, hamabostak egin beharrean, sei urteren buruan libratu egin zuten.

      Berlinen berriro, «Fanal» aldizkaria zuzentzen zuen. Hor erremarkatzen zituen bere sozialismoarekiko distantziak:

      Karl Marxen irakaspena erro-errotik irakaspen burgesa da. (...) Iraultzarako egiazko eginbehar bakarra ukitu gabe uzten baitu. Esan nahi baita, gizartearen biktima gizarteko funtsei estekatzen dieten lokarriak suntsitzeko egin behar den gogoen matxinada. Funts horiek gogo eta moralarekin baitute zerikusi....

      1929an antifaxisten batasuna eta greba orokorraren alde agertu zen: Hitlerren botere hartzea geldiarazten ahal duen bakarra nazionalismoak oraindik nahasi ez dituen langileen borondate elkartua da...

      Baina soilik taulatuan izan zuen arrakasta zerbait sozialismoaren gainean zeukan ikuspuntuak. Estatuko arrazoia eta Judas bere obrak antzeztu egin ziren Berlinen publikoaren faborearekin.

      1933ko otsailean atxilotu zuten naziek. Egun batzuk lehenago ibilia zen diru zerbait biltzen Pragara ihes egiteko. Atxilotzearen egunean erdietsia zuen, hain zuzen, behar zuen dirua.

      Konzentrazio esparru askotatik pasa zen eta mota guztietako torturak eta zafraldiak pairatu. Azkenean Oranienburgeko konzentrazio esparrura eraman zuten, bertan esan zion bera bezala atxilotua zen Stefan Szende komunistari:

      Nazismoa politika marxistaren ondorio zuzena eta jarraipena duk. Ezkerra marxistaren politika bati izan duk garbia zentzu batean: giza dignitatearen kontra joanez. Libertatea, zintzotasuna eta humanitatea pikutara bidali duzue...

      1934ko uztailaren ban sartu ziren SSak Oranienburgeko esparruan, 10ean agertu zen bere zeldan urkatua. Hil zuten eta gero zintzilikatu suizidioaren itxura izan zezan. Aspaldi eginarazia zioten bere hilobia, jasan behar izan zituen afusilatze itxuratuetariko bat baino lehenago.

      Bere emazte Kreszentiari prometarazi zion ez zela Errusiara joango bertan Stalin egon artean: Ez utzi nire izkirioak komunisten eskuetan. Nire heriotza baino okerragoa zunan...

      Komunistek publikatuko zituztela esan eta Kreszentia Errusiara joan egin zen senarra zenduaren literatur legatuarekin. Siberiara deportatua izan zen eta lan bortxatuan 20 urte eman.

      Mühsamen literatur legatua desagertu egin zen.

 

Ezabatuak (idazle alemanak)
Erich Mühsam

edizioa: Eduardo Gil Bera
Pamiela, 1995