XII. poema
Cesar Vallejo

1937-11-10
itzul: Joseba Sarrionandia
Hezurrezko xirulak, Elkar, 1991

 

Bataila bukatzean

Eta gudaria hil zelarik, lagun bat inguratu zitzaion

Esanez: “Ez zaitez hil, hainbeste maite zaitut!”

Baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

 

Bi lagun hurbildu zitzaizkion

Eta errepikatu zioten: “Ez gaitzazu utzi! Itzul zaitez bizitzara!”

Baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

 

Hogei, ehun, mila, bostehun mila hurreratu ziren

deiadarka: “Hainbeste maitasun, eta heriotzaren aurka ahalmenik ez!”

Baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

 

Milioika pertsona heldu zen

Erregu bakarrarekin: “Gera zaitez gurekin, laguna!”

Baina ai, gorpuak hilik iraun zuen.

 

Orduan, munduko jende guziak

inguratu ziren; gorpu triste, hunkituak

Ikusi zituen; astiro-astiro zutitu eta

Lehen laguna besarkatu zuen, eta oinez hasi zen...

 

XII. poema
Cesar Vallejo

1937-11-10
itzul: Joseba Sarrionandia
Hezurrezko xirulak, Elkar, 1991