Gizon bat igaro da, ogia lepoan
Cesar Vallejo

1937-10-05
itzul: Edorta Jimenez
Susa-27, 1991

 

Gizon bat igaro da, ogia lepoan

Idatzi egin, gero, ene bikoiztasunaz?

 

Beste batek, jesarri, hazka egin, galtzarbetik zorria kendu eta akatu du

Nongo adoreaz berba egin psikoanalisiaz?

 

Beste bat ene bularraldean sartu da, palua eskuan

Sokrates aipatu gero medikuari?

 

Herrena igaro da, eskua emanda ume bati

Irakurri egin, gero, André Breton?

 

Beste bat hotzikaraz dago, eztulka, odolezko ttuetan

Ahalko ote inoiz Ni sakonaz aipurik egin?

 

Beste batek lokatzean bilatu ditu hezurrak, azalak

Nola idatzi, gero, infinituaz?

 

Igeltseroa sabaitik jausi, hil eta ja ez du gosaldu

Berriztatu egin, gero, tropoa, metafora?

 

Merkatariak gramo bat ostu dio bezeroari pisugailuan

Hitz egin, gero, laugarren dimentsioaz?

 

Bankariak faltsutu egin du bere balantzea

Ze aurpegi beharko teatroan negar egiteko?

 

Paria lotan dago, hanka lepoan

Inori berba egin, gero, Picassoz?

 

Baten bat hiletan doa negar zotinka

Zelan bihurtu, gero, akademiko?

 

Baten batek bere fusila txukundu du eskaratzean

Nongo adorez berba egin haranzkogaindikoaz?

 

Beste bat igaro da atzamarrez zenbatzen

Zelan berba egin Ez-Niaz aldarri egin barik?

 

Gizon bat igaro da, ogia lepoan
Cesar Vallejo

1937-10-05
itzul: Edorta Jimenez
Susa-27, 1991