HIMALAIARA EGIN EZ NUEN
ESPEDIZIO BATEKO OHARRAK

Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Koldo Izagirre
1999

 

Yeti, behean eguaztena dugu,

abedera eta ogia 

bi gehi bi lau dira

Eta elurra urtu egiten da.

Badago sagar gorri bat

lautan zatitua.

 

Yeti, gure artean

krimena ez da gauza bakarra.

Yeti, hitz guztiek

ez dakarte heriotza.

 

Esperantza hartu dugu oinorde

ahazturaren opari.

Ikusiko duzu nola hondakinetan

haurrez erditzen garen.

 

Yeti, Shakespeare daukagu.

Yeti, arrabita jotzen dugu.

Yeti, iluntzean

argia irazekitzen dugu.

 

Hemen, ez ilargi ez lur

eta malkoak izotz.

O, Yeti, ilargiko gizakia

egizu kontu, itzul zaitez!

 

Horrela esan nion, oihuka, Yetiri

abalantxen lau pareten artean

eta berotzearren ostiko ematen nuela

elurretan,

betierekoan.

Wislawa Szymborska (Prowencie, Polonia, 1923/07/02 – Krakovia, Polonia 2012/02/01) idazle poloniarra  XX. mendeko poesiaren gailurretako bat izan da. 1996an Literatura Nobel saria jaso zuen.

Literatur lanak

Dlatego zyjemy (Horregatik gara bizi) (1952)
Pytania zadawane sobie (Heure buruari galdezka) (1954)
Wolanie do Yeti (Jetiari deika) (1957)
Sól (Gatza) (1962)
101 wierszy (101 Poema) (1966)
Sto pociech (Alaitasun amaierarik ez) (1967)
Poezje wybrane (Poesia Hautatua) (1967)
Wszelki wypadek (Eduki ahal izan) (1972)
Wielka liczba (Zenbat handia) (1976)
Ludzie na moscie (Zubi gaineko lagunak) (1986)Koniec i poczatek (Haste-amaiak) (1993)
Sto wierszy - sto pociech (100 Poema - 100 Zorion) (1997)
Chwila (Unea) (2002)

1996an, Szymborskaren bost poema euskaratu zituen, baina agitaratu ez, Juan Garziak, poemarioaren gaztelaniazko bertsiotik (1997ko maiatzean bat argitaratu zuen El Correo egunkariko Territorios gehigarrian; 2000.urtean poema horixe, baina neurtitzetan, Joxerra Garziak Egonean doazen geziak. Metaforismoak liburuan sartu zuen).

1997an, Hegats aldizkariaren 17-18. zenbakian, bederatzi poema euskaratu zituzten Kirmen Uribek, Rikardo Arregi Diaz de Herediak eta Magdalena Wegrzyn-ek, eta idazleari buruzko sarreratxo hau eskaini.

 

Nobel Sariak berez eta ezinbestez dakarren mesfidantza barne-barnean genuelarik, Bilboko liburu-denda batera sartu ginen Wislawa Szymborska saritu berriaren lana aurkitzeko asmoz. Aurkitu genuen, bai, eta, jakina, liburu bana erosi. Lauzpabost poema presaz eta urduri irakurri bezain laster, ahantzi genituen Nobel Sari guztien mixeriak eta faltsukeriak: eskuartean genituen hitzek zirrara zuten sorburu eta emozioak piztu zituzten gure baitan; eskuartean genituen hitzek bizitza zuten oinarri eta guk bizitza literatura bezainbeste maite dugu. Szymborska euskaratzeko nahia edo beharra, berdin dio, berehala etorri zitzaigun beraz.
Wislawa Szymborska ezezaguna zen guretzat, ez baina XX. mendearen bukaera honetan Polonian egiten den poesia: Czeslaw Milosz eta Zbigniew Herbert (Lwow-en jaioa, gaur egungo Ukrainako Lviv-en) batez ere, gutxiago Tadeusz Rózewicz. Azken urteotako poesiarik onena polonieraz egiten dela entzun dugu noiz edo noiz, eta horrelako hitz handiek mami gutxi gordetzen duten arren, agerian da Poloniako poesiaren berezitasuna. Poloniako historia mindua, batez ere Bigarren Mundu Gerran gertaturiko guztia, berezitasun horren oinarria da. Nola idatzi Auschwitz (Oswiecim, polonieraz) eta gero, galdetzen du Adorno pentsalari alemaniarrak. Poloniako poetek badakite nola idatzi Auschwitz eta gero, badakitelako, ikusi dute jadanik, bihar beste Auschwitz bat (edo gauza okerrago bat, aurrerapena bizkor doa) gertatuko dela.
Auschwitz eta gero Poloniako poetek mesfidati begiratzen diete Arte, Filosofia, Erlijio eta Kulturari, ideia eta hitz handiosoei. Miloszen hitzetan ideia ustez garbi horiek gizon-emakumeak engainatu egin dituzte, bizitzearen egia estaliz eta, haren ordez, egia abstraktuaren zama eramatera behartu. Kulturak benetako bizitza ahantzi du, Artea, kaleetako gizon-emakumeei gertatzen zaienari itsu, bere baitara bildu da eta lurralde antzuenetan erroak sartu nahi ditu barregarri. Itxura dotoreen atzean ezkutatzen den izua agerian uzteak poeta horien begirada argitu egin du, azkartu. Mendebaldeko Europa garatuan nagusitu diren molde ustez modernoen noraezaz jabeturik, Poloniako poetek iparrorratz bana hartu, ez baitira guztiak berdin-berdinak, eta gure denboraren itsaso arriskutsua zeharkatzeari ekin diote begiak ondo irekita.
Nobel Saria zela-eta, Szymborskaren berri ematean egunkariak betiko axolagabekeria eta ezjakintasunez aritu ziren: emakume adineko bati, emakume eta adineko izateagatik egotzi ohi zaizkion ezaugarri topikoak metatu, sailkapen eta definizioen kutxatik atera eta Szymborskaren poesia lirikoa (hau da, biguna) edo filosofikoa (hau da, astuna) zela esan zuten lasai asko. Salbuespena euskaraz etorri zen Juan Garzia Garmendiaren esku jakintsutik ondo helduta (El Correo,Territorios, 1997ko maiatzak 29); aholku ona, Szymborska irakurtzera gonbidatuz, eta opari ezin hobea, poema baten itzulpena, eskaini zigun irakurleoi.
Norbaitek pentsa lezakeenaren aurka, Wislawa Szymborskaren poesia, eta oro har gainerako poeta poloniarrena, ez da negarrari emana; iraganaren oroitzapen etsiek, ukazioaren aldarrikatze antzuek eta itxaropen ezaren mineriek ez dute leku handirik. Beste poesia motetan sarriegi agertzen zaizkigun nortasun egolatra negartiak bazterturik daude betiko. Poesia egiten hastean Szymborskaren lehen baldintza erreparoa da, errezeloa. Szymborska ez da poesiaz fio, ezta bere buruaz ere. Ironia eta nahita bilaturiko urruntzea dira, beraz, haren poesiaren giltzarri nagusiak. Kaosaren zurrunbiloan etengabe murgildurik igeri egiten ikasi du, hitz handiosoek agintzen zuten egonkortasun eternalaren gainbeheraren ondoren nahikoak zaizkio oreka behin-behinekoak eta halaber gizon-emakumeen bizitza laburretan gertatu, gertatzen eta gertatuko diren tragedia eta komedia txikiak baina ez guztiz hutsalak. Bizitza guztiak esanguraz beterik baitaude. Azken finean eta haren hitz berberak erabiliz, galdera xaloak dira oraindik ere premiazkoenak. Idazlearen beraren afera pertsonalak gorderik daude edota, agertzekotan, besteenak ere diren neurrian agertuko dira, guztion bizitza arrunten parte ezin arruntago diren neurrian. Eta zer esan iraganaz, historiaz. Epikotasun eta heroitasun oro alboraturik, gure bizitzaren ispilu lausotu baina garbia da arbasoen bizitza, inoiz ez da ezertarako garai ona, beti da zerbaiterako garai ona. Szymborskak paradoja erabiltzen du ironiarekin batera, bizitzaz eta munduaz dugun ezjakintasuna argitzen saiatu eta hausnarketa posible egiteko.
Miloszek esan berri du Wislawa Szymborska kontzientziaren poeta izanik, gai izan dela jende desberdin askorengana heltzeko. Lerrootan aipatu ditugun arrazoiengatik, lerroartean susmatuko dituzuenengatik eta aipagarriak ez diren beste askorengatik maite dugu Wislawa Szymborska. Bederatzi poema hauek euskaratzeko, jatorrizko testuez gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez argitara emandako itzulpenak izan ditugu kontuan.

 

HIMALAIARA EGIN EZ NUEN
ESPEDIZIO BATEKO OHARRAK

Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Koldo Izagirre
1999