EZER EZ BIRRITAN (neurtitzez)
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996
Egonean doazen geziak, Joxerra Garzia, Alberdania 2000

 

Ezer birritan  ez da gertatzen
ezta gertatuko ere;
eskarmenturik gabe jaioak,
hil errutinarik gabe.

Mundu eskola honetan inor
ikasle txar izan arren
ez da urterik errepikatzen,
negu, udak, oro barren.

Ezein ez dugu egun berbera,
ez dira bi gau antzeko,
so berdinik ez begi bakoitzak,
musu oro bestelako.

Atzo goraki hire izena
aipatzen zuten unean
arrosaño bat leiho ertzetik
amiltzen zela nengoan.

Orain hementxe biok bildurik,
hormarantz nik aurpegia.
Arrosa? Nola ote arrosa?
Lorea ala harria?

Zer dela eta, ordu gaiztoa,
higan hainbat beldur alfer.
Izan, haiz eta, hargatik galkor.
Galkor haiz, hargatik eder.

Baldar besarka, irritsu goaz
zuhurbidearen bila,
desberdin garen arren tanto bi
ur garbizkoak bezala.

 

EZER EZ BIRRITAN (neurtitzez)
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996
Egonean doazen geziak, Joxerra Garzia, Alberdania 2000