KATU BAT ETXEBIZITZA HUTS BATEAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996

 

Hil, hori ez zaio egiten katu bati.
Ezen zer egin dezake katu batek
etxebizitza huts batean.
Paretetan gora ibili.
Altzarien artean igurtzika.
Ematen du ezer  ez dela aldatu
eta, hala ere, aldatu da.
Ezer ez dela higitu,
baina destokian daude gauzak.
Eta arratsean lanpara ez da gehiago pizten.

Urratsak entzuten dira eskaileran,
baina ez dira horiek.
Arraina platerean jartzen duen eskua ere
ez da lehengo  hura.

Bada hemen zerbait noski
ohiko orduan kale egiten duena.
Bada zerbait
behar lukeen moduan gertatzen ez dena.
Hemen bazen norbait beti hortxe egoten zena;
eta orain, bat-batean joan,
eta behin eta berriro falta da.

Armairu guztiak miatuak jada.
Apalak alderik alde ibiliak.
Alfonbra azpiak usnatu eta ikertu dira.
Are, debekua hautsirik,
paperak barreiatu.
Zer gehiago egin daiteke.
Lo egin eta itxaron.

 

Ikusiko du itzultzean,
ikusiko du agertzen denean.
Ikasiko du, bai,
hori ez zaiola egiten katu bati.
Bestela bezala
hurbilduko zaio,
poliki-poliki,
iraindu-ibileran nabarmen hankak.
Jauzi-miaurik ezta batere hasieran.

 

KATU BAT ETXEBIZITZA HUTS BATEAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996