HARRIAREKIN SOLASEAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua

 

Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
Zure barrura sartu nahi dut,
begiratu bat eman;
arnastu nahi zaitut.

— Alde! —dio harriak—.
Hermetikoa naiz, itxia erabat.
Zati-zati eginda ere
zatiok itxiak ginateke,
hauster eginda ere
hausterra itxia.

Harri baten atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
Jakinmin hutsez nator.
Eta soilik bizitzak ase dezake.
Zure jauregian paseatu nahi dut,
eta gero hosto bati bisita egin, eta ur-tanta bati.
Ez dut asti gehiegirik.
Ez al zaitu nire hilkortasunak hunkitzen?

Harrizkoa naiz —dio harriak—.
Eta seriotasunari ezinbestez behar diot eutsi.
Alde!
Ez daukat irri-muskulurik.
Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
Zure baitan, gela eskerga hutsak gordetzen dituzula esan didate,
inork ikusigabeak, ederrak alferrik,
gormutuak, ez dute inoiz inoren oinotsik entzun.
Aitor iezadazu! Zeuk ere ez zenekien.

— Gela eskerga hutsak —dio harriak—.
Baina ez dago tokirik.
Ederrak, beharbada, baina ez
zure sentimen motzen gusturako.
Ikus nazakezu baina dastatu inoiz ez.
Aurrea ematen dizu nire azalak,
baina atzea barrenak.

Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
Ez natorkizu betiko babes eske.
Ez naiz dohakabe.
Ez nago kale gorrian.
Nire munduak bertara itzultzea merezi du.
Sartu bezala aterako naiz, esku hutsik.
Zure baitan egon naizelako froga bakarra
nire hitzak izango dira,
inork sinetsiko ez dituen hitzak.

— Ez zara sartuko —dio harriak—.
Partaidetza-sena falta zaizu.
Eta ez da ordezko senik.
Dena ikusteko ahalmena bera ere
alferrikakoa duzu parte hartzeko gauza ez bazara.
Ez zara sartuko; sen hori zugan xede hutsa da,
ahalegin hutsa, fantasia hutsa.

Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
Ez naiz bi mila mende zain egoteko prest
zure aterpera sartzeko.

— Ez badituzu nire hitzak sinesten —dio harriak—,
zoaz hostoarengana eta gauza bera esango dizu,
Galdeiozu, halaber, zure buruko ile bati.
Barrez lehertzeko zorian nago,
naturak galarazten didan barreaz.

Harriaren atean jo dut.
— Neu naiz, utzi sartzen.
— Ez dut aterik —dio harriak.

 

HARRIAREKIN SOLASEAN
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua