BUKAERA ETA HASIERA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua

 

Gerra bakoitzaren ostean
garbiketa-lanak egin behar norbaitek.
Ordena gutxienekoa
ez da berez jarriko.

Norbaitek bide bazterretara
bildu behar ditu zabor-hondakinak,
igaro ahal izateko
gurdi gorpuz beteak.

Norbaitek murgildu behar du
lokatzetan eta errautsetan,
besaulkietako malguki,
beira ezpal,
eta zapi odolduen artean.

Norbaitek habea eraman behar du arrastaka
hormari eutsi ahal izateko,
norbaitek leihoetako kristalak jarri behar ditu,
eta ateak erroetan sartu.

Ez da oso lan fotogenikoa,
eta urteak behar izaten dira.
Kamara guztiak dagoeneko
beste gerra batera joanak dira.

Zubiak berriro ere,
ostera ere geltokiak.
Jasoaren jasoaz listu egingo dira mahukak.

Norbaitek, erratza eskuan,
gogoan du oraindik nolakoa zen dena.

Norbaitek entzun,
eta moztu ez zioten buruaz baietz dio.
Baina laster ariko dira bueltaka euren inguruan
horri guztiari aspergarri deritzotenak.

Oraindik,lantzean behin,
norbaitek argudio herdoilen bat
ateratzen du sasi artetik
eta zabor-metara bota.

Zer den eta zer ez den
aspalditik dakitenek
bidea utzi behar diete
apenas ezer dakitenei.
Apenas ez, gutxiago.
Tutik ere ez.

Belarra hazi berri da
Kausen eta efektuen gainean.
Norbaitek hantxe etzan behar du,
eta, galburu bat hortzetan,
hodeiei begira egon.

 

BUKAERA ETA HASIERA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua