BERE BURUA HIL ZUENAREN GELA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua

 

Zuen ustez gela hutsik zegoen.
Eta baziren han hiru aulki bizkarralde sendoz hornituak.
Lanpara bat ilunpeen aurkako,borroka etengabean.
Idazmahaia, gainean paper-zorroa eta egunkariak.
Buda bat arduragabeko, eta Kristo bat arduratsu.
Zazpi elefante zoriona ekartzeko, eta kutxan agenda bat.
Zuen helbideak agertzen ez zirela uste duzue?

Ez libururik, ez diskorik, ezta irudirik ere ez zegoen zuen ustez?
Eta bazen han tronpeta lasaigarri bat esku beltzen artean.
Saskia bere lore xamurraz.
Poza. Jainkoen pindarra.
Ulises apalategian atsedena hartzen lo goxoan
Bosgarren Kantuaren lanak bukatu ondoren.
Moralistak
izenak urrezko letretan,
liburuetako larru dotore zurratuetan.
Ondoan, politikariak, tente!

Eta gela hark
irteera izan bazuen. Hori bai, atetik baino ez.
Eta ikusmirak ere bazituen, hori bai, leihotik baino ez.
Eta leiho ondoan betaurrekoak zeuden, urruna begiratzeko.
Burrunba egiten zuen euli batek, alegia, artean bizirik zen.

Gutunak dena azaltzen zuela uste duzue.
Eta ez zela gutunik esaten badizuet?
Asko gara adiskideak, baina guztiok sartu ginen
baso batek eutsiriko gutunazal huts batean.

 

BERE BURUA HIL ZUENAREN GELA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn
Hegats, 17-18, 1997ko abendua