ERREALITATEAK AGINTZEN DU
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Asier Sarasola
Hitzen uberan, 2012ko otsaila

 

Errealitateak agintzen du
honakoa ere esan dezagula:
hil artean bizi.
Bizi Cannaen eta Borodinon,
bizi Kosovo Polen eta Gernikan.

Bada Jerikon, plaza batean,
gasolindegi bat,
eta Bila Horan badira aulkiak
«margotu berria» diotenak.
Pearl Harbour eta Hastings artean
hara-hona dabil posta,
mudantza kamioi bat igaro da
Keroneako lehoiaren begi erneen paretik,
eta Verdun inguruko ortu loratuak
ez dira libratuko
datorren fronte atmosferikoaz.

Hainbeste dago Denetik,
aski ezkutuan dela Ezer ez.
Musika dator
Accion ainguratutako yateetatik
eta eguzkitan dantzan ari dira bikoteak.

Hainbeste kontu dira,
bazter guztietan badela zerbait.
Harriak harriaren gainean dirauen edonon,
izozki saltzailea
umeen algarak setiatuko du.

Behin Hiroshima zena
Hiroshima da berriro,
hainbat produktu ekoizten dira,
egunero erabiltzeko.

Bere krudelean badu ederretik mundu honek,
ez dira gutxi goizaldeak
esnatzea merezi dutenak.

Musker kolorekoa da belarra
Maciejowiceko zelaietan,
belar, belar denez,
ihintzaren distiraz apaindua.

Beharbada larre oro gudu-zelaia da,
gaur egun oroitzen ditugu batzuk,
aspaldi ahaztu genituen besteak,
urki edo zedro baso bihurtu dira,
elurrak edo hareak hartu ditu, zingira irisatu
eta porrot beltzen amildegiak dira,
non, egin beharrak egiteko garaian,
sastraken atzean ezkutatzen garen.

Zer den horretaz guztiaz gogoan ibili beharrekoa? Deus ez, agian.
Ibili dabilena da azkar baino lehen lehortzen den odola,
eta, jakina, ibai eta hodei batzuk.

Zorigaiztoko mendi buruetan
haizeak airean daramatza kapelak
eta, ezin diogu eutsi,
barre zoro bat ateratzen zaigu.

 

ERREALITATEAK AGINTZEN DU
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Asier Sarasola
Hitzen uberan, 2012ko otsaila