AMAIERA ETA HASIERA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996

 

Gerra bakoitzaren ondoren
norbaitek egin behar du garbiketa.
Ez dira noski gauzak
beren gisa txukunduko.

Norbaitek bota behar ditu
hondakinak bazterrera,
bidea libre uzteko
gorpuz beteriko gurdiei.

Norbaitek sartu behar du
lokatz zein hauts artera;
sofa-malguki,
beira-ezpal
eta zapi odoleztatuen artera.

Norbaitek ekarri behar du arrastaka habea
horma bermatzeko,
norbaitek jarri behar ditu kristalak leihoetan
eta atea ostera bere erroetan.

Ez da batere fotogenikoa kontua,
eta urteak behar dira.
Kamera guztiak joanak dira jadanik
beste gerra batera.

Berriz beharko zubiak,
berriz geltokiak.
Hainbestetan jasotzez,
zirtzil eginik geratuko dira mahukak.

Norbaitek, erratza eskuan,
gogoratzen du gauzak nola ziren.
Norbaitek entzun,
eta baietz egiten dio, moztetik libratu zuen buruaz.
Baina haien inguruan hara-honaka
laster izango da
aspergarri deritzonik lan horri.

Artean ere, tarteka, norbaitek
herdoilak jotako argudiorik
aterako du sasi artetik,
eta zaborren pilora botako.

Zer den eta zer ez den
aspalditik dakitenek
lekua utzi beharko diete
hutsaren hurrengoa dakitenei.
Hutsaren hurrengorik ere ez.
Hutsa.

Belarra horra hazi berri
kausa eta ondorioen gainean;
hantxe dagoke laster norbait etzanik,
galburu bat hortz artean,
lainoei begira.

 

AMAIERA ETA HASIERA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996