PAISAJE BATEN AZKEN AGURRA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996

 

Ez diot gaitz hartzen udaberriari
berriro etortzea.
Ez naiz kexu hark
urtero bezala
bere eginbidea bete dezan.

Ulertzen dut nire tristurak
ez duela geldiaraziko belarra.
Zurtoinek zalantza egiten badute,
haizeagatik izango da soilik.

Ez dit minik ematen
altzadiek
beren susmurra berrereskuratzeak.

Neure baitan jasotzen dut berria
ezen, biziko bazina bezala,
nik dakidan aintzira baten urertza
zen bezain ederra dela.

Ez dit arrankurarik sortzen
badia distirajario baten
ikuste hutsak.

Are imajina dezaket
beste batzuk, ez gu,
eseriririk egotea oraintxe
urki eraitsiaren gainean.

Errespetatzen dut haien eskubidea
irri egiteko, xuxurlatzeko
eta isiltasunean zoriontsu geratzeko.

 

Are suposatzen dut
maitasunez elkartuak direla
eta bizitzaz beteriko besoz
besarkatzen duela gizonak emakumea.

Zerbait berria, txori txinta bat irudi,
txioka hasten da ihien artean.
Zinez opa diet
entzun dezatela.

Ez dut exijitzen urertzean
olatuak inolaz ere aldatzerik,
arin zein nagi,
baina ez esaneko.

Ezer ez diet eskatzen
oihan ondoko urei,
noiz esmeralda,
noiz zafiro,
noiz beltz.

Gauza bat ez dut onartzen.
Leku horretara itzultzea.
Uko egiten diot
presentziaren pribilegioari.

Aski iraun dut zu gabe bizirik;
doi-doi aski
urrunetik oroitzeko.

 

PAISAJE BATEN AZKEN AGURRA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Juan Garzia
1996