|
TORTURAK Ezer ez da aldatu. Gorputza mingarria da, jan egin behar du, lo egin behar du, arnasa hartu. Azal mehea dauka, eta isuri egiten duen odola hortz eta azkazal kopuru egokiak hautsi egiten diren hezurrak, eten egiten diren junturak. Torturak kontuan hartzen du hori dena.
Ezer ez da aldatu. Gorputza ikaratu egiten da Erroma sortu aurretik eta Erroma sortu ondoren ikaratu zen bezala, Kristo aurreko eta ondoko hogeigarren mendean bezala. Torturak berdin dirau, lurra da murriztu egin den bakarra, eta dena gertatzen da pareta bitarte bezala.
Ezer ez da aldatu. Gizaki gehiago dagoela, besterik ez irain berriak erantsi zaizkiela betiko irainei benetakoak, asmatuak, aldian aldikoak eta inoiz ezekoak, baina gorputzak erantzuten dien garrasia errugabearen oihua zen eta izango da beti denborak eta tonalitatek ezarritako eskalaren arabera.
Ezer ez da aldatu ohitura, zeremonia eta dantza batzuk izan ezik. Baina burua babesten duten eskuek mugimendu bera egiten dute beti. Gorputza bihurritu egiten da, izutu, askatu egin nahi du behaztopan jausten da, edo belaunak zorabiatzen zaizkio ondoeza egiten zaio, puztu egiten da, adurra dario, odola.
Ezer ez da aldatu ibaien arroa oihan, kostalde, basamortu eta glaziarrak izan ezik. Bazter hauetan barrena doa arima erratua ezkutatu egiten da, itzuli, hurbildu edo urrundu egiten da bere buruaz arrotz, beti harrapagaitz noiz seguru, noiz bere buruaz etsita. gorputza, ordea, gorputza bada: eta da eta da eta da eta, egia esan, ez dauka non.
TORTURAK |