![]()
|
OSO HURRUTIAN Andre triste eta pintatu haiek boltsa guztiari irritzen zioten hortza, eta gizonek, irakurtzen ere etzekitenek, barnetik begiratzen zioten, galtzerdietara.
Hau egarria, hauk eskaleak betitasunaren gonetan. Elizaz eta hospe txarreko etxez beterikako hiria: Bertan gizona asetzen da, eta esku-beteka partitzen da gosea.
Tatxaz beterikako hiri benedikatua, adulterioz eta perdunantzaz zauritua; bertan arimak lohizkoak dira, eta lohiak izarrak zikintzen ditu.
Hiri langilea, fabrikazko salmoa, bertan arnegatzen da gizona, eta kontseilu-maipuruek errezatzen dute: Ene! Labe Haundiak, lainopean infernu sakonak zarate.
Gauerdiko hiru orduak eta bost minitu. Ateak, ateak, ateak eta ateak edonundik. Nerbion ondoan egiten du gernu gizon batek. Bere bizikletetan igaratzen dira bi goardia.
Eta begiratzen diet eskaparateari. Paka eta Luz. Noren semeak. Zetazko galtzerdiak. Meza-liburuak, eliz-liburuak edonundik. Eta meza-Iiburuak. Kandelak. Zirioak.
Sortzez Garbiari bederatzi-urrenak. Goian dago berna gurutzatuen olgantza. Hauzo-herri eskandalagarria. Baina trankil lo egiten dute dontzellek.
Eta kaletik kantatzen dut. Eztit batere inporta jaio nintzen herriak. Oso hurrutian entzuten bada ere Jainkoaren itsaso neurri-gabea.
OSO HURRUTIAN |