|
Soweton kontatuak
Mende honetako
Mende hasieran, familia beltz asko lurraren mende bizi ziren. Batzuek lur sail handiak zituzten; beste batzuk, lur sail txikietan edo auzoko lurretan etxe baten jabe ziren. Gorabeherarik ez zen urteetan, lurrak eskertu egiten zituen jendearen ahaleginak, eta janaria gainez ematen zuen. Lehorteak eta beste hondamendiak zirenean, berriz, nekazariak lehendik gordeta zutenari esker bizi ziren. Lurrak harrotasuna eta poza sentiarazten zion lurraren jabeari eta auzo osoari. Lurra etxetzat hartzen zuten eta hartan zuten etorkizunerako itxaropena. Nekazariek pozik egiten zuten lan lur horietan; bazekiten lurraz arduratzean, bere seme-alaben eta seme-alaben ondorengoen etorkizunaz ari zirela arduratzen. Auzo lurretan lanean ari zirenek lantzeko lurrak zatitu egiten zituzten lan baterako edo besterako. Lur sail bereizi bat zuten bazkarako. Bazka ona ziurtatzeko, auzo lurretan bizi zirenek animalien nondik norakoak zehatz-mehatz zaintzen zituzten. Auzoko lurrak han bizi ziren nekazariek lantzen zituzten. Jabea zuten lurretan beste era batera egiten ziren gauzak. Han, behin-behineko nekazariek egiten zuten lan, etxaldearekin zerikusirik ez zutenek, edo baita maizter gisa etxaldean bertan bizi zirenek ere. Behin-behineko nekazariak batzuetan gizon edo emakume soilak izaten ziren, eta besteetan familia osoak. Nekazari horiek azienda bildu, lurra goldatu, uzta zaindu eta aleak idi gurdietan eramaten zituzten; hau da, egun osoko lana zuten. Nekazariak askotan etxaldetik hurbil bizi ziren, eta nagusiak etengabe dei egiten zien beti premiazkoak ziruditen lanak egiteko. Lana ongi egiten zutenek, askotan egoera iraunkorragoa lortzen zuten beren lanean. Beste nekazarien taldea —maizterrena—, alde batetik, beti etxalde berean bizi zirenek osatzen zuten, eta bestetik, lur saria ordainduz, denboraldi batean lurra lantzen zutenek eta aldi berean azienda izateko eskubide jakin batzuk zituztenek. Talde honetako batzuek ez zuten beste diru iturriren premiarik, eta gai ziren errentan zuten lur sail horrekin bizimodua aurrera ateratzeko. Beste batzuek orduz kanpoko lana egin beharra zuten diru sarrera handiagoak izateko. Azken talde horretan zituen lurraren jabeak denetarako balio zuten gizonak, iturginaren, arotzaren eta margolariaren lanak egiteko behar zituenak. Maizter horietako batzuek baratzak bikain antolatzen eta zaintzen zituzten; beste batzuk apartak ziren behiak jezten. Etxaldeetan bizi ziren gazte gehienak maizter-familia horietakoak ziren. Etxaldekoentzat eskola antolatzen zenean, hura izaten zen hango eta hemengo gazteen biltoki nagusia. Han elkarrekin jolas eta lan egiten zuten, bakoitzaren mailari edo jatorriari garrantzirik eman gabe. Elkarrekin hazten ari ziren bitartean, lagunak egin, lagunekin haserretu, eztabaidatu, adiskidetu, denetatik egiten zuten, eta gazte horietako batzuek abeslari eta dantzarien taldeak osatzen zituzten, berezko zenbait trebetasun lantzeko, eta igandeetako ekitaldietan eta jende aurreko beste jaietan, ikusmin handia sortzen zuten. 1920. urte inguruan «etxaldeetako eskola» asko eraiki ziren, nekazari beltzen lurretan bizi ziren maizterren laguntzari esker. Auzo horietako guztiei iruditzen zitzaien gazteei irakurtzen eta idazten ikasteko aukera eman behar zitzaiela. Neska-mutil gazteenek egun osoko eskola izaten zuten, zaharragoak, berriz, lanbideren bat zutenean, goizeko irakasle berberek gauez ematen zituzten eskoletara joaten ziren. Talde horietako haurrak lanpetuta bizi ziren. Etxean eginbehar ugari izaten zuten, eskolako lanaz gainera. Haur bakoitzari eginkizun jakin bat ematen zitzaion, hala nola, gela batzuk erratzatu eta garbitu, iturrira ur bila joan, edo otorduak egin ondoren ontziak bildu eta garbitu. Batzuetan haurrak sua pizteko erregai bila joan beharra zuten: egurra, artaburuak nahiz behi gorotza. Hango umeek denbora franko zuten jolaserako. Mantlwantlwane (etxeketara) jolas gustukoenetakoa zuten. Buztinezko etxeak egiten zituzten, panpinen neurrira, eta altzariz betetzen zituzten, pospolo kaxa hutsak, plater hautsiak eta abar erabilita. Buztin-etxeko jabeek, alegia, gizaki itxuraz eta gizaki gisa jolasean erabiltzen zituzten trapuzko panpinek, behar zituzten altzari guztiak zeuzkaten: armairuak, mahaiak, aulkiak... Panpinek hitz egin, barre eta oihu egiten zuten, sortu zituztenek jartzen zieten ahotsei esker. Bata bestearen etxera joaten ziren elkar ikustera, eta batzuetan, auzoko panpinaren bat gaixotu edo hiltzen zenean, haren etxera joaten ziren laguntza eta doluminak ematera. Etxalde horietako batean, garai horretako haur talde batek bere jolasa eguneroko bizitzako gertaera batekin lotu zuen. Haurrek etxe-abere txikiak atsegin zituzten, haiekin ongi moldatzen zirenean behintzat. Egun batean, katu gaixo bat aurkitu zuten etxe inguruan. Ahalegindu ziren zenbait aldiz hari esnea ematen, baina katuak ez zuen edaten. Familiako helduek ia ez zieten jaramonik egin haurren adierazpenei. Hala ere, amore eman gabe, haurrek katua zaintzen aurrera egin zuten, hura hil zen eguna arte. Eta orduan, familiari heriotzaren berri eman ordez, behar bezalako hileta antolatu zioten. Hiletaren buru panpinak ziren, eta egile izan zituzten bi neska gazteen ahotsei esker negar zotinka ari ziren. Ehorzlearena eta gorpu eramailearena taldeko bi mutilek egin zuten. Era horretan haurrek bizitzan aurrera izango zituzten paperak betetzeko prestatzen ari ziren. Gazteenek katua ehortzi eta, denbora luzean penaz egon ziren. Larunbatak mendialdean ibiltzen ematen zituzten, etxaldeko inguruak arakatzen. Etxaldetik igarotzen zen ibaiaren bi bazterretako soroetan barrena ibiltzen ziren. Han basoko fruituak (monakaladi) eta loreak biltzen zituzten, eta saioak egiten zituzten zein landarek zuen panpinen jolasean paperak edo plater puskak itsasteko izerdirik onena asmatzen. Mendian musker ugari izaten zen, baina haurrak animalia horien beldur zirenez gero, animaliak aztertu eta alderatu egiten zituzten, baina inoiz ez gertutik. Sugeekin ere izutzen ziren haurrak, baina urrutitik gustura begiratzen zieten. Egun batzuetan, helduen esanei uko eginez, sahatsen azpian esertzen ziren, ustez suge oso pozoitsuak bizi ziren lekuetan. Han gazteek adar batetik bestera jauzika ari ziren txorien kantuak eta txorrotxio alaiak entzuten zituzten. Bata bestearen atzetik, haurrek txorien hotsak errepikatzen zituzten. Gero, elkarri entzunda, txori mota bakoitzari zegokion hotsa egokitzen zioten. Joko polita eta oso alaia izaten zen hura. Gaztetxoen taldean baziren bi neska zaldiak oso maite zituztenak, eta egun batean, inori ezer esan gabe, familiako bi animalia hartu eta beren kontura ibiltzera joan ziren. Gustura ibili ziren zaldi gainean etxaldearen inguruan. Koxkortu zirenean, herriko dendara joaten ziren familiako eskutitzen bila, dendariak, aldez aurretik, hurbil zegoen tren geltokitik jaso eta bere dendara eramaten baitzituen. Jai handia izaten zen bi neskentzat egunero zaldi gainean ibilaldi hura egin beharra. Eskolan gazteak janariak banatzeko eta trukatzeko ohitura hartzen hasten ziren. Haur pobreenak —zurien etxaldeetan bizi zirenak gehienbat—, irinez egindako arto zukua edo sethathabola eramaten zuten, ongi prestatuz gero oso janari gozoa. Etxe aberats samarragoetako haurrek marmelada eta gurinezko sandwichak eramaten zituzten. Zukua zeramatenek eta sandwichak zituztenek elkar trukatzen zituzten janariak. Trukean parte hartzen zutenek irrikaz espero zuten une hura. Haur batzuek, guraso zorrotzak zituztenez gero, ez zuten talde-trukaketan parte hartzeko baimenik, eta zirrara une bikainak galtzen zituzten. Gaur egun ere, garai bateko eskola kideak elkartzen direnean, gustura eta pozik gogoratzen dituzte gazte garaiko tratu haiek. Banatzen zuten janari kopuruak ez zuen garrantzi handiegirik. Garrantzitsuena banatzen zuten «gaia» bera zen. Noski, garai horretan eta inguru horietan, arto zukua, ogia, gurina eta marmelada, denak etxean eginak ziren. Beltzen auzoetan, bai mendialdean eta bai hirietan, musika beti izan da ospakizun askoren erdigunea. Eta musika eta dantza ziren orduko gazteei, atseden garaian eta jai giroan, burura etortzen zitzaien lehenengo gauza. Abesti batzuk joko jakinetan erabiltzen ziren. Batean, adibidez, gazteak biribilean esertzen ziren, eta bakoitzak harri txiki bat jartzen zuen aurrean. Abesten hasten zirenean, Ke thubile koniki (Edalontzia hautsi zait), biribileko lagun bakoitzak bere harria erlojuaren kontrako alderantz mugitu behar zuen. Jokalariren bat motelegia baldin bazen, eta harriak bere parean pilatzen baldin bazitzaizkion, jokotik kanpora geratzen zen. Eserita jolasteko beste jokoa Aumana Maskenki (Amona Maskenki) zen. Joko horretan, taldea errenkadan jartzen zen, eta, alde batera eta bestera zanbuluka, abesten zuen. Baziren baita ere jauzi egiteko abestiak. Kgosi ya Mawatle (Itsasoetako Erregea) adibidez, erritmoari eutsiz eta jauzi eginez abesten zen. Abestiaren erritmoa aldatu egiten zen, jauzilari talde batek bira osoa amaitzen zuen bakoitzean. Irabazleak erritmo bizkorrenari eusten ziotenak ziren. Jokoetan beste abesti asko erabiltzen ziren, eta denak sormen handikoak eta oso alaiak. Antzinako abestiak eta dantzak oso ezagunak ziren inguru horietako adin guztietakoen artean. Nekazari asko Lesothokoak ziren, eta horrenbestez, atseden garaiko bileretan izaten zen musika, dantzak eta folklorea, neurri handian, sesotho kulturatik sortua zen. Atsedenaldi horietarako unerik egokiena gaua izaten zen, ilargi beteko gaua, batez ere. Gau horietan, haurrek etxeko lanak behingo batean egiten zituzten, jaialdian hasiera hasieratik parte hartzeko. Gauetan era askotako abestiak eta dantzak izaten ziren. Lehenik eta behin, antzezle onenak aukeratzen zituzten, eta trebetasun handiko bakarlarien eskuetan geratzen zen abestien zuzendaritza. la denek parte hartzen zuten abestietan eta dantzetan. Gehienetan zahar batzuk, edo gazte oso lotsatiak, izaten ziren bilerak ikusi besterik egiten ez zituztenak. Kasu horiek errespetuz hartzen ziren. Jaialdia amaitzen zenean, partaide eta ikusle denak lagunartean joaten ziren etxera. Ipuin kontaketak ere oso gogokoak zituzten, eta afalondoan, kalean, suaren inguruan bilduta egiten ziren. Batzuek uste dute zaharrek bakarrik kontatzen zituztela ipuinak, baina ez zen hala izaten. Egia da zaharrak ipuin kontalari bikainak zirela, baina gazteek entzun eta ikasi egiten zuten, trebetasuna landu eta azkenerako, asko eta asko, kontalari trebe izatera iristen ziren. Baziren baita «talde joko» edo zirenak. Horietako batean, Senyamo izenekoan, taldeko buruak jokoa hasteko Senyamo (Aukeratu) hitza esaten zion norbaiti. Horrek, Se mang? (Nor?) erantzuten zion. Jokoko buruak orduan aukeratu nahi zuenaren izena esaten zuen. Lehenago erantzun zuenak pertsona hori atsegin bazuen, Ka shoa (Hilik), erantzuten zuen, eta horrek esan nahi zuen pertsona hori bestearenganako maitasunez zegoela hilik. Aldiz, pertsona gustukoa ez zuenean, Hlotse (Ez dut maite) esaten zuen. Joko horrek zuen gauzarik barregarriena zen norbaiten andregaia edo senargaia aipatzen zenean gertatzen zena. Erantzulea lotsatu eta gorri-gorri jartzen zen, eta urduri irribarreka hasten zen, beste lagunen algaraz eta oihuz inguratuta. Beste batzuetan, zuzendariak itsusia edo oso maitea ez zen norbaiten izena esaten zuen, eta horrek ere barreak eta algarak sortzen zituen. Malatadiana Tsela gogoramena eta arreta neurtzen zituen jokoa zen. Hamabi arto ale jartzen zituzten errenkadan, eta azken bederatziak bata bestearen gainean. Bi pertsonek hartzen zuten parte joko horretan, eta bietako batek begiak estalita zituen. Jokalari «itsuak» abesten zuen bitartean, aleak tontorretik hartzen zituen, eta aleen ordena gogoratzeko ahaleginak egin behar zituen, aleak bana ala bina jarrita ote zeuden, alegia. Jokalariak aurrera egiten zuen pilako ale guztiak errenkadan jarri arte. Beste jokalariak «itsuak» egiten zuena aztertzen zuen. Lanean, ikasten, abesten, dantzan eta jolasean ematen zituzten egunak garai hartako gazteek. Eta mendiak hango haize garbi eta ingurune ederrekin gazteen bizitza aberastu egiten zuen. Oinarri sendoa zen hori guztia pertsona hezi eta hazteko. Bai desberdina zela gaurko «etxeen eremu edo lur sailetan» daramaten bizitzatik, han ez baitago edertasunaren, kemenaren eta kultura ondarearen arrastorik.
Soweton kontatuak |